Plazako arkupetako zoladura konpontzea, kale garbiketa zerbitzua udalak zuzenean kudeatzea eta lurrazpiko aparkaleku publikoetako kontrol instalazioa aldatzea aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/02/18
Card image cap

  20 gai zerrendatu dira arratsaldeko bilerarako eta lauzpabost bereziki aipagarriak.

  Foruen Enparantzako arkupeetako harri zoladura konpontzeko lanak egingo dira. Harri losak apurtuta edota oso gastatuta daude zenbait gunetan eta horrek arriskua sortzen du. Mugikortasun arazoak dituztenentzat edo segurtasunik ez duten oinezkoentzat istripuak izateko lekua da plaza inguruko arkupea. Baina edozein eratara ere ezin da konpondu, baldin eta egungo itsura mantendu nahi bada. Horretxegatik, harri zoladura nola konpondu aztertuko da gaurko bileran.

  Orain bi aste, kale garbiketa zerbitzua udalak zuzenean kudeatzearen gaia lan zerrendan jaso zen. Orduan ez zen erabakirik hartu eta gaurko gaien artean berriro jaso da. 2016ko aurrekontuak eztabaidatu eta onartu zirenean jada azaldu zen Udala urrian hasiko dela kale garbiketa zerbitzua zuzenean kudeatzen. Horretarako 10 langile kontratatzea onartu zen lan eskaintza publikoan. Baina zerbitzua berreskuratzeko erabaki formalik ez da hartu oraindik. Atzo bestalde, EAJko udal taldeak proposamena berria kaleratu zuen, alegia, zerbitzua baldintza plegu zorrotz batekin berriro lehiaketa publikora ateratzea proposatu zuen. Gaia arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean eztabaidatuko da. Hori da behintzat lan zerrendan jaso dena. Eta lan zerrendan jaso da baita ere, Kalegoiena eta kiroldegi aurrealdeko aparkaleku publikoen kontrol instalazioa aldatzeko gaia. Hau ere, udal aurrekontuak onartu zirenean aipatu zen. Lurrazpiko aparkalekuen sarreran dauden hesiak kenduko dira eta sarrera-irteerak kontrolatzeko TAO edo parkimetro sistema jarriko da. Aurreikusitako egonaldiaren arabera kotxearen matrikula erregistratu eta ordaindu beharko da, makinak emango duen papertxoa autoan, agerian jarriz. Lurrazpiko aparkaleku publikoen kontrolerako sistema berria martxoan jarriko da baina gaia zertan den  arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean azalduko da. Euskara aroko 2016ko diru laguntzen oinarriak onartu eta deialdia egiteko proposamena ere aztergai izango da.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!