Plazako arkupetako sabaia konpontzen hasi dira

2018/05/15
Card image cap
Igeltsuzko estalkia kenduta estrukturaren egoera ikuskatu dute jabekideen ordezkariek

  Segurtasuna bermatze aldera erabaki du udalak plazako arkupetako sabaia konpontzeko lanei ekitea. Lanen kostua nork eta nola ordainduko den erabakitzeke dago oraindik, hau da, jabekideen kontura joango ote den, udalak bere gain hartuko ote duen ala bien artean ordainduko duten.

  Gaur goizean udal brigadako langileak igeltsuzko estalkia kentzen hasi dira. Begi bistan, Oñati eta Arkupe tabernen sarrera pareko sabai zatia utziko da, aurrez jada, jausteko arriskuan zeuden kaskoteak kentzean agerian geratu zen sabai zatiaren inguru osoa. Jabekideek izendatu dituzten arkitektoek begi bistan geratzen den egurrezko estruktura ikuskatuko dute eta okerrik ezean, sabaia igeltsuz estaltzen hasiko dira bihar bertan. Asmoa, lanak amaitu eta ostiralerako aldamioak kentzea baita. Gaur goizean, igeltsua kentzeko lanak egin bitartean Oñati eta Arkupe tabernak itxita egon dira baina arratsaldean zabaltzea espero da, lanetarako aldamioak jarri diren arren, ingurua guztiz babestuta baitago, hondakinak jausi ez daitezen.

  Astean zehar egingo diren konponketa lanok behin behinekoak izango diren edo epe ertain bateko iraupenez egingo ote diren arkupeetako sabaia osatzen duten goiko etxeko estrukturaren egoerak baldintzatuko du. Igeltsuak estaltzen duen egurrezko estruktura kaltetuta dagoen eta hala bada, zenbaterainoko kalteak dituenaren arabera erabaki beharko baita ondorengo interbentzio baten premia eta maila. Garrantzitsua izango da beraz, jabekideek izendatu dituzten teknikoek gaur egingo duten ikuskaritza lana eta ateratzen dituzten ondorioak. Balizko interbentzio horretan gainera, gastuen ordainketa nola eta nork egin erabaki beharko da, lehen aipatu bezala.

  Sabaiko lehen kaskoteak pasa den otsailean jausi ziren plazako arkupetan, Oñati taberna inguruan. Udal langileak sabaia aztertu zuten eta jausitako zatiaren inguruan jotzen aritu ziren eta egurrezko estruktura agirian utzi zuten hiru zulo zabalduz. Orduan sabaia modu kontrolatuan apurtu zuten, kaskote gehiago jausi ez zitezen baina hil honen hasieran kaskote berria jausi zen. Gertaera horrek hasi diren konpontze lanok arindu ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!