Plaza ondoko jolaslekura itzuliko da arropa eta ehunkien azoka

2016/11/16
Card image cap
Haritzaren egoera ona dela ziurtatu da

  Bi aste egin ditu arropa azokak Santa Marina plazan. Bitartean, Gernikako arbola moduan ezagutzen den haritza aztertu da eta orokorrean, egoera onean dagoela egiaztatu da.

  Gabriel Iguiñiz adituak osatu duen txostenaren arabera, urriaren 17an jausi zen adarra, zati handi batean hilda zegoen eta bizirik zuen zati txikiak soilik sostengatzen zuen. Baina eustea lortu ez eta apurtu egin zen, dakizuenez. Haritzaren azterketa orokorra egin zen eta adar nagusien hainbat lagin hartu ziren. Orokorrean, arbola egoera onean, osasuntsu dagoela ondorioztatu da. Apurtutako adarra ondo moztu da, arbolak zauria hobeto itxi dezan. Oinarrian kalte garrantzitsua zuen beste adar baten pisua arindu da eta hilda zeuden hainbat adar moztu dira. Horrela, zabalera eta pisua kendu zaio ia 100 urte dituen haritzari. Hobetze lan horiek eginda, lasaitasunez ikusten da orain arbolaren egonkortasuna.

  Aipatu txostena eskutan, arropa eta ehunkien azoka, plaza ondoko jolaslekura itzultzea erabaki dute udal arduradunek. Postuen jabeei jakinarazi zaie jada. Beraz, larunbatean, plaza aldamenean egongo da berriro ere arropa azoka.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!