Plaza ondoko aparkalekua izan zenekoa betiko joko eta jolasen gune bihurtuko da.

2013/07/17
Zorua eta pareta margotuko dira. Gaztelekuko arduradunak ari dira gunearen diseinua zehazten.

  Asmoa, jolaslekuaren diseinu lan hori amaitu eta udaleko zerbitzu departamentuaren esku uztea da, egin beharreko margotze lanak lehenbailehen kontratatu ahal izateko. Helburua, uztaila amaiera-abuztu hasiera bitartean ingurua prest uztea baita.

  Plaza ondoko jolaslekuak, joko eta kirol ezberdinetarako guneak bilduko ditu. Hala, pilotaleku aldera, ondoko lorategitik bereizten duen horma aprobetxatuz, bina porteria eta kanasta kokatuko dira, futbola, eskubaloia edota saskibaloian aritu ahal izateko. Gunea ez baldintzatzeko, porteria-kanasta horiek horma aldean soilik jarriko dira, bestaldekoa, haurrek beraiek arropa edo bestelako elementuak erabiliz egokitu beharko  dutelarik.

  Gaztelekuko kubo aurrealdea eta Gernikako arbola dagoen aldea dira jolas ezberdinetarako aprobetxatuko diren beste gune batzuk. Hauetan, eta zoruan margotuz, betiko jolasak prestatuko dira: partxisa edo dama tablero modukoak marraztuko dira baina baita txingotan jolas egiteko zenbatutako laukitxoak, txapekin ibiltzeko suge edo laberinto moduko zirkuituak edota twister deritzon jolaserako koloreetako borobilak.

  Bizikleta txikientzako ibilbidea eta atletismo pista txikitxo bat ere egokitzeko asmoa dago. Hori guztia, esan bezala, zuzenean zorua margotuz egingo da. Baina Gaztelekuko arduradunak ari dira gunearen diseinua zehazten eta horixe izango da margolariek erabiliko duten krokisa.

  Udaleko aisialdi hezitzaile taldea, herriko ikastetxeekin elkar lanean aritu da plaza aldameneko jolasgune berria izan beharko dena zehazten. Zenbait jokoetarako, partxisa edo damak esaterako, fitxak beharko dira eta hauek, ikastetxeetan, eskulanetan, prestatzeko asmoa dago. Gaztelekuan ere eskuratu ahal izango dira, bai behintzat kuboa zabalik dagoen ordutegian.

  Plaza ondoko gunea, auto aparkaleku izan zen urteetan, iazko irailean, udal gobernu taldeak haurrentzat jolasleku bihurtzeko erabakia hartu zuen arte. Aparkalekuko marrak ezabatu ziren baina ez zen bestelako egokitze lanik egin. Oraingoan ordea, ikasturtea hasterako jolastokia apainduta ikusiko dugu eta aparteko elementu sofistikaturen beharrik izan gabe betiko jolas tradizionaletan aritzeko aukera emango duten zirkuitu, karratu eta bestelakoak margotuko dira.  

Iturria: Oñati irratia