Plaza guztiak beteta hasi da "mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan" izeneko formakuntza ikastaroa

2017/09/04
15 lagun arituko dira 2. mailako profesional ziurtagiria eskuratzeko asmoz

  Erakunde sozialetan mendeko pertsonen zaintzaile lanetan jarduteko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria lortzea da udalak antolatu duen ikastaro honen helburua. Ikastaroan parte hartu ahal izateko, DBH titulua, lan-arlo eta eremu bereko 1. mailako profesional ziurtagiriren bat edukitzea edo 2. mailako edozein profesionaltasun ziurtagiria izatea eskatzen zen. Agiririk ez izanagatik arloan lan esperientzia dutenei ere ikastaroan parte hartzeko aukera eman zaie oinarrizko konpetentzia proba bat gaindituta. Horrela, hasieran zehaztu zen gehienezko 15 lagunen partaidetza ziurtatu da.

  Oñatin erroldatuta dauden 15 lagunek 14:30tan ekin diote ikastaroari Zubillagako Olaburu zentroan. Abenduaren 22ra arte luzatuko da egunero bost orduko saioak beteaz. Izan ere, ikastaroa trinkoa baita, 370 orduko formakuntza 80 orduko praktikekin osatuko da.

  Udalak urteak daramatza mendeko pertsonei arreta eta zaintza zerbitzuak eskaintzen dizkieten lagunen formazioa hobetzen. Zentzu horretan, maila ezberdineko profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko ikastaroak antolatu eta eman ditu. Jakinik, epe erdi-motzera lanerako ziurtagiri ofiziala izatea eskatuko zitzaiela eta noski, behar bereziak dituzten pertsonen zaintzan ari direnek gutxieneko formazioa behar dutela, lana modu egoki eta profesionalenean egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia