Pertsona migratzaile eta errefuxiatuen etorrerak ez oztopatu eta azkartu ditzaten eskatu du Udal Gobernuak

2016/06/20
Card image cap
Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna den honetan, adierazpen instituzionala egin du

  Errefuxiatuena, mundu mailako drama humanitarioa dela dio Udal Gobernuaren adierazpenak. Munduan 60 milioi errefuxiatu daudela gogorarazten da. Jatorria edonon dutela ere, guztiek, gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoek eragindako mugimendu migratorioak direla gogorarazten da. Egoera honetan, Europak eta mundu mailako potentzia handienen erantzukizuna aipatzen da adierazpen instituzionalean. Era berean, Europako nazioarteko legeria bihurria salatzen da, giza eskubideen babesa bultzatuko lukeen jarrera humanistari eutsi beharrean, azken hilabeteetan neurri polizial eta militarrak aktibatu dituela azpimarratuz.

  Europan, pertsona errefuxiatuen eskubideak etengabe urratzen ari direla dio Udal Gobernuaren adierazpen instituzionalak. Eta kontinente zaharrak erakusten duen aurpegi bikoitza eta joko maltzurra salatzen du: errefuxiatuen eskubideen babesle gisa agertu nahi duen arren, errealitatea ezkutatu nahian dabilela baitio idatziak. Milaka gizon, emakume eta haur noraezean ari direla aipatzen da adierazpenean. Eta pertsona hauek, Europako estatuen babesarekin, estatu batetik bestera espultsatuak, internamendu zentroetan sartuak, bortxatuak, desagertaraziak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak direla salatzen da. Egoera horren aurrean, herritarroi, errefuxiatuak diren pertsonei ongi etorria ematera eta aitortza, erreparazioa eta laguntza eskaintzera deitzen gaitu Udalak. Nazioarteko harremanen bestelako antolaketa aldarrikatzea ezinbestekoa dela gaineratuz.

  Udal Gobernuak bere aldetik, Espainiar Gobernua eta Europar Batasunaren jarrerak salatzen ditu eta horrezaz gain,  pertsona migratzaile eta errefuxiatuen etorrerak oztopatzeari utzi eta euren etorrerak azkartu ditzaten eskatzen du.

  Gaur, ekainaren 20a, nazioarte mailan errefuxiatuen eguna den honetan, Udal Gobernuak, adierazpen instituzionala osatu eta zabaldu du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!