PERCO edo Oñatiko merkataritza biziberritzeko plan berezia eguneratzen hasteko herriko dendariekin topaketa egingo da ostegunean.

2013/06/11
Parte hartzeko interesa duenak, izena, udaletxean eman behar du.

  Udalak, sektoreko arduradun eta langileekin egin nahi du PERCO edo merkataritza biziberritzeko planaren eguneratzea. Horretxegatik, dituen asmoen berri azaldu, lana egingo duen enpresako ordezkariak aurkeztu eta helburuak, irizpena eta kronograma azaltzeko, bilera egingo da etzi ostegunez Gaztelekuan. Herriko merkatariekin egin asmo den topaketa hau, eguerdiko 13.30tan hasiko da.

  Ikertalde enpresa arduratuko da orain 7-8bat urte osatu zen Oñatiko PERCO dokumentua eguneratzeaz. Horretarako, lana, 4 fasetan egitea aurre ikusten da.

  Aurreko PERCOaren ebaluaketa egin eta udalerriaren egungo egoerara lehen hurbilketa egin ondoren, lanaren lehenengo fasean, merkataritza eskariaren analisia egingo da. Hau da, herriko kontsumitzaileen portaera aztertuko da. Bigarren fasean, eskaintzaren analisia egingo da; merkataritza, ostalaritza eta orokorrean hirugarren sektorearen egoera eta garapena aztertuko da. Eskari eta eskaintza ezagututa, etorkizunean biak uztartzeko ekintza plana zehaztuko da lanaren hirugarren fasean.

  Eta aipatu faseekin paraleloan, laugarrena gauzatuko da, hau da, partehartze eta komunikazio/hedapenaren fasea. Helburua, plana sektorean eta biztanleen artean ezagutzera eman eta gauzatzeko ekintzak egitea baita. Gizarteratze lan hori egiteko, PERCO mahaia osatuko da udala eta merkatarien arteko topagune gisa. Kontsumitzaile nahiz merkatari eta ostalarien artean inkestak egingo dira eta informatzaile nagusiekin elkarrizketak eta parte hartze aktiboko espazioak egokituko dira gainontzeko aktore ekonomiko eta gizarte eragilek ere beren ekarpenak egiteko modua izan dezaten.

  Guzti honen berri emango da, esan bezala, ostegunean, hilaren 13an  Gaztelekuan egingo den topaketan. Parte hartzeko interesa duten merkatariek izena aurrez eman behar dute telefonoz udaletxera deituta: 943780411 zenbakira edota mezua honako helbide elektroniko honetara bidalita: enplegu@oinati.net.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!