PCR proba berriak egingo zaizkie bihar San Martin egoitzako egoiliar eta langile guztiei

2021/01/12
Card image cap
Gabonen aurretik izan zen agerraldia amaitutzat eman daitekeen azalduko dute emaitzek eta txertaketarako datak zehaztuko dira

  Abenduaren 18tik 31ra bitartean antzeman ziren San Martin egoitzako egoiliarren artean erregistratu diren lau Covid positiboak. Bitarte horretan osasun neurri bereziak hartu dira gaitza zabaldu ez zedin eta une honetan, gela bakarra dago isolatuta, berrogeialdia betetzen.

  Urtarrilaren 8an langile guztiei egin zitzaizkien PCR probak eta denek negatibo emango zuten baina bihar probak errepikatuko zaizkie bai langile eta egoiliar guztiei ere. Biharko proben emaitzek adieraziko dute Gabonen aurreko agerraldia bukatutzat eman daitekeen. Hala bada, Covid 19aren kontrako txertoa jartzeko data zehaztuko da. Egoiliarrei, edo beraien kabuz erabakitzeko gaitasunik ez dutenen kasuan, familiei, txertoa jartzea nahi duten galdetu zaie jada, baita langileei ere, eta txertaketarako eguna finkatzearen zain daude guztiak.

  Pandemiaren kontrako txertaketa kanpainaren lehen fasea adinekoen egoitzetako egoiliar eta langileei zuzenduta dago. Eta Euskadiko egoiliar eta langileen erdiak baino gehiago txertatu dituztela jakinarazi zuen atzo Osasun sailburuak. Laster, txertoa osatzeko bigarren dosiak jartzen hasiko direla ere aurreratu zuen. Era berean, kanpainari bultzada berria emateko beste 100 erizain prestatu direla ere zehaztu zuen Gotzone Sagardui sailburuak atzoko agerraldian.

  Kasu positiborik ez zuten egoitzetatik hasi ziren egoiliar eta langileak txertatzen Gipuzkoan eta kasu aktiboren bat duten 9 egoitzak zain daude. San Martin egoitzan azken kasua eman zenetik bi aste betetzear dauden honetan, agerraldia amaitutzat eman daitekeen ikusi nahi da bihar PCR berriak eginez.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!