Paueko instrukzio auzitegian aztertu behar dute Alberto Plazaolaren kontrako euroagindua

2015/09/08
Erabakia, egun gutxiko kontua izango dela diote iturri ezberdinek

  Ziburun atxilotuta, hasieran Baionako polizia etxera eraman zuten eta Pauera gero Alberto Plazaola. Bertako instrukzio auzitegian aztertuko baita oñatiarraren aurkako euroagindu eskaera. Auzia egun gutxiren bueltan erabakiko dela diote iturri ezberdinek. Beharrezkoak diren dokumentuak daudela egiaztatu bezain pronto, Plazaola Espainiaratzen duten ala ez erabakiko du epaileak. Familiako abokatuek dena den, epaiketa astebete edo bi aste atzeratzea eskatuko dute euroaginduari ahalik eta ondoren erantzun ahal izateko. Argibide horiek atzoko elkarretaratzean eman zituen Gerardo Plazaola anaiak Baionatik iritsi berritan.

  Alberto Plazaola atzo 11:15ak inguruan atxilotu zuen Frantziako Poliziak,  Ziburuko Zokoa auzoan, kalean zegoela. Izan ere, bizitza arrunta egiten baitzuen han martxoaz geroztik.

  Frantziako espetxeetan betetako urteak Espainiako kartzela zigorrari kenduta utzi zuten aske Plazaola iazko abenduaren 4an, Auzitegi Nazionalak erabakita. Hiru hilabete beranduago ordea, Gorenak aurkako ebazpena eman zuen eta Plazaola atxilotzeko agindu zuen martxoaren 10ean. Guardia zibilak etxera joan zitzaizkion bila baina ez zuten bertan topatu. Ziburura ihes egin zuen eta bertan bizi zen Bagoaz elkartearen arabera bizitza arrunta egiten.

Iturria: Oñati Irratia

Plazaolaren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea atzo (Iturria: Goiena)