Partaidetzazko aurrekontuak egitasmoaren baitan eskualdeko batzarra egingo da ostegunean Mankomunitatearen egoitzan

2015/06/09
Card image cap
Jaso diren proposamen guztien artean zein proiektu lehenetsi erabakiko da

  Foru Aldundiak, 2 milioi euro jarri ditu debagoiendarren esku datozen lau urteetan, eskualdearen garapenerako proiektutan inbertitzeko. Orain arte, proposamenak jaso dira, herririk herri egin diren bilera irekietan, udal eraikinetan jarri ziren postontzietan, internet bidez eta turismo nahiz aisialdi arloan egin diren bi tailer sektorialetan. Guztira, 190 proposamenetik gora jaso dira, eta horiek aztertu eta beretsuak bateratu ondoren, 137 proposamen geratu dira. Izan ere, proposamenek eskualde izaerakoak eta Foru Aldundiko eskuduntzakoak  izan behar dute.

  Jaso diren proposamenetatik hirutik bat, berrikuntza, landa garapena eta turismo arloari dagokio. % 30a,mugikortasuna eta bide azpiegituren arlokoak dira, % 29a pasa, kultura, gazteria eta kirol arlokoak eta % 22a, gizarte politika arloko proposamenak dira.

  Orain, partaidetzazko aurrekontuen egitasmoan urrats berria emango da eta saio bateratuan, herritarrek, proposamenen artean aukeraketa egingo dute. Eskualderako lehentasunekoak diren 20 proposamenak identifikatuko dira, egiteko 10 proiektu eta ordezko beste 10.

  Uztailean zehar, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko dute aldundiko teknikariek. Eta irailaren bigarren hamabostaldian egingo den hurrengo bilera irekian behin betiko proposamenak aukeratuko dira, 2016ko aurrekontu proiektuan txertatu daitezen. Hori da behintzat oraingo asmoa. Laster eratuko den Foru Aldundiko gobernu talde berriak egitasmoari jarraipena ematen ote dion erabaki beharko baitu. Baina orain hilabete batzuk hasitako prozesuari jarraipena emanez, etzi ostegunean, partaidetzazko aurrekontuak proiektuari dagokion eskualde mailako bilera ireki berria egingo da Arrasaten, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzan, arratsaldeko 18.30tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!