Parrokiko espetxe pastoralak Martuteneko presoentzako laguntza kanpaina berria abiatu du

2015/12/14
Materiala, arratsaldero, Garoa aretoan jasoko da ostiralera bitartean

  Barruko arropa berria gizon nahiz emakumezkoentzat, bainuko eta kirol oinetakoak 41-44 taila artekoak, azazkalak moztekoak eta galtzerdiak dira gehien behar direnak. Baina horrezaz gain tabako gorria, metxeroak, turroi biguna eta kartazal nahiz seiluak ere jasoko dira. Material hori jaso ahal izateko Parrokiko espetxe pastoraleko kideak Garoa aretoan izango dira 18.00etatik 20.00etara gaur hasi eta ostirala bitartean. Baina arratsaldetako ordutegi horretatik kanpo ere, materiala entregatu daiteke, Irizar estankoan, Sillero zapata dendan eta Hirukar liburu dendan.

  Ia ohikoa bihurtu da Gabonen aurreko egun hauetan parrokiko espetxe pastoralaren material bilketa kanpaina. Azken hamar urteetan gutxienik egin da. Eta Oñatin bezala, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere, antzerako ekimenak antolatu dituzte. Oñati, halako deialditan eskuzabala izaten dela adierazi digute espetxe pastoral taldeko lagunek. 

  Asteburuko elizkizunetan jada, Martuteneko presoentzako material bilketa kanpaina honen berri eman da eta gaur bertan hasi dira lehen donazioak jasotzen. Oñatin astean zehar biltzen den material guztia lehenbailehen prestatuko dute Martuteneko kartzelara eraman ahal izateko, zenbait gai oso beharrezkoak baitira.

  Oñatiko espetxe pastoraleko taldeko hiruzpalau lagun,  2-3 hilean behin Martutenera presoei bisita egitera joaten dira.

Iturria: Oñati Irratia

Martuteneko espetxea