Parrokiako teilatua konpontzen jarraitzeko lanak egingo dira

2016/02/02
Card image cap
Eraikinaren erdialdeko teilatu-zatia konpondu asmo da.

  Mikel Goiaingeruaren Parrokiako teilatua egoera txarrean dago. Kaltetuen zegoen zatia eta artistikoki ondorio larrienak sortu zitzakeena, Pietateko kaperaren gaineko zatia, orain bi urte, 2013ko azaroan konpondu zen.
Baina eraikinaren erdialdeko zatia ere konpondu beharrean dago eta hartarako finantzazioa lortzen ari dira parrokiako arduradunak.

  Lanek, ia 104 mila euroko aurrekontua dute. Eraikinak duen balio historiko-artistiko handia eta besteak beste, turismorako irekita izaten dela kontutan hartuta,  aurrekontuaren % 30a estaltzeko diru laguntza ematea erabaki du Udalak, 31.000 € pasa. Parrokiak bere aldetik, eta eliztarrengandik bildutakotik, beste horrenbeste jartzeko konpromisoa du eta gainontzeko % 40a, Elizaren erakundeek jarriko dute.

  Parrokiako teilatua konpontzen jarraitzeko lanok lehenbailehen, udaberri inguruan edo, egin asmo dira.

  2013ko amaieran egin ziren aurreko konponketa lanak; unibertsitate etorbidea aldera dagoen nabeko teilatuan zeuden txintxinak konpontzeko egin ziren. Premiazko lanak izan ziren, txintxinetako ura askotan Pietateko kaperako erretaularen gainera jausten zela ikusi baitzen. Orduan, premiazkoenak ziren lanak bakarrik egin ziren, hezetasunak, zaharberritutako erretaula berriro kaltetu ez zezan. Oraingoan, lan orokorrago eta handiagoa egitea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!