Parrokiako teilatua konpontzeko garabia jarriko da BBVA aurreko zabalgunean

2016/03/29
Card image cap
Garabia muntatzeko, Txaketuaneko bidegurutze ingurua trafikorako itxi egingo da datorren asteartean

  Pasa den astean jada zementua bota zen BBVA banketxe aurrealdean garabiaren oinarria osatuz. Oinarria lehortuta, garabia, apirilaren 5ean muntatuko da. Muntatze lanak segurtasunez egin ahal izateko, inguruko trafikoa eten egingo da. Hala, gaur zortzi, apirilaren 5ean esan bezala, 11.00etatik 18.00etara, Unibertsitate Etorbidea itxi egingo da. Bakardadeko Ama kaletik doazen ibilgailuak San Anton edo Portu kalera desbideratuko dira eta saihesbidetik edo postetxe ingurutik doazenak berriz, Aita Madina kalera.

  Parrokiako teilatua konpontzeko lanek luze joko dute, hiruzpalau hilabete inguru irautea aurre ikusten da. Tartean, Korpus jaixak eta prozesiñoa izango dira. Ospakizun egunetarako parrokia aldamenean egokituko den material biltokia jasoko da baina garabia ez da kenduko.

  Datozen hilabeteotan Parrokiako teilatuaren zatirik handiena konponduko da. Orain bi urte pasa , 2013an, Pietateko Kaperaren gaineko zatia konpondu zen. Kaltetuen eta artistikoki ondorio larrienak sortu zitzakeen zatia konpondu zen baina teilatuaren gainontzeko zatia ez zen ukitu. Orain, teilatuaren zati nagusia konponduko da.

  Parrokiako arduradunek Udalean aurkeztu zuten aurrekontuaren arabera, lanek ia 104.000 euroko aurrekontua dute. Udal Gobernu Taldeak, % 30a estaltzeko diru laguntza ematea erabaki zuen. Gainontzekoa, Elizaren erakundeek eta Parrokiak berak, eliztarrengandik bildutakotik jarriko dute.  

  Parrokiako teilatua konpontzeko lanak datozen asteetan hasiko dira, aurretik, apirilaren 5ean, Txaketuaneko bidegurutze ingurua trafikorako itxi egingo da garabia jarri dezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!