Oñatiko udala

Pandemiaren bilakaera zein den ikusteko egun klabeak ditugula esanez bideo berria zabaldu du Izaro Elorza alkateak

2021/02/19
Card image cap
EAJk, herriko guneak desinfektatzeko eskaera egin du

  Herriko osasun egoera dela eta mezu berria zabaldu du Izaro Elorza alkateak, astean grabatutako bigarrena. Aurrekoan bezala, osasun arduradunekin etengabeko harremanetan daudela eta egoeraren jarraipena egiten ari direla dio. Aztarnariak jatorri bera duten positiboen kontaktuetara iristen ari direla eta pandemiaren bilakaerarako egun klabeak ditugula dio alkateak.

  Orain arteko babes neurriak mantentzeko eskatu du Izaro Elorzak, hau da, musukoak erabili, eskuak garbitu eta harreman sozialak murriztu. Udalak bere aldetik, zerbitzuak egokitu eta zorroztu dituela dio alkateak: herriko gazte asko elkartzen dituen Gaztelekuan musuko kirurgikoak ematen zaizkie halakoak ez daramaten erabiltzaileei, Haur eta Gazteria departamentuak egun hauetarako antolatuta zituen hainbat ekintza atzeratu dira eta kaleko garbiketa eta desinfekzio lanekin jarraitu da, iazko martxoan indarrean jarritako protokoloa beteaz. Osasun adituen aholku eta gomendioak jarraitzen ari direla adierazi dute udal ordezkariek.

  Hori da, hain zuzen, EAJko udal taldeak eskatu duena, alegia, oñatiarren segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezko neurriak hartzea, besteak beste, herriko guneak desinfektatuz. Egungo herriko egoerarekin oso kezkatuta daudela azaldu dute jeltzaleek, sare sozialen bidez.

  7 positibo berri atzeman dira Oñatin, Osakidetzak eguerdian kaleratu dituen datuen arabera. Oñatiko intzidentzia metatua 1.377 da, atzo baino pitin bat bajuagoa baina oso altua oraindik ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!