Otsaileko Osoko Bilkura bertan behera geratu zen atzo Miren Elgarresta bozeramale jeltzalearen aita hil zela eta

2016/02/26
Card image cap
Batzarra, datorren ostegunean egingo da

  Berria, Osoko Bilkura hasi baino ordu erdi lehenago ezagutu zen. Alkateari jakinarazi zitzaion eta batzarra bertan behera uztea erabaki zen. Kontu egin behar da Miren Elgarresta EAJ udal taldeko bozeramalea dela eta aurkeztekoak ziren gaien inguruko talde azalpenak berak eman behar zituela.

  Osoko Bilkura bertan behera uzteko erabakiaren ondoren, bilera noiz egin eztabaidatu zuten Udalbatzako kideek eta astebetez atzeratuta, martxoaren 3an egitea adostu zen. Hala, atzorako zerrendatuta zeuden gaiak eta datozen egunotan sortu daitezkeen beste batzuk datorren ostegunean egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira.

  Atzo egitekoa zen bilkurarako 17 gaiko lan zerrenda osatu zen. Aipagarriena, kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzearen gaia da baina horrezaz gain, gizarte larrialdietarako udal laguntzen ordenantza eta 2016ko deialdia egitea, Bidebarrieta kaleko 24an udalaren jabetzapekoak diren hiru etxebizitza alokatzeko deialdia, gazteek etxebizitzak alokatzeko udalak ematen dituen diru laguntzen ordenantzan aldaketa egitea, bake epaile eta ordezko karguak betetzeko epai mahaiaren proposamena eta kirol batzordearen eskutik, kiroldegian publizitatea jartzeagatiko tasa arautzen duen ordenantza behin betikoz onartzea eta Udala eta Aloña Mendi elkartearen arteko 2016ko lankidetza hitzarmena jorratzekoak ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!