Ostiralera arte luzatu da botoa postaz emateko epea

2019/05/22
Card image cap
Postetxea, larunbat arratsaldean eta igande goizean zabalik egon zen

  Berez gaur amaitzekoa zen botoa postaz emateko epea baina beste bi egunez, ostiralera arte luzatu da. Oñatiko postetxea ostiralean, 14:30tan itxiko bada ere, botoa emateko epea 14:00tan amaituko dela jakinarazi digute bertatik.

  Posta bidezko botoa emateko erraztasunak eskaintzen ari da Hauteskunde Batzordea eta postetxeek herritarrentzako duten zerbitzua zabaltzea erabaki da. Hala, asteburuan, posta bulegoak ireki egin ziren, larunbat arratsaldean eta igande goizean, eta bihar eta etzi ere, botoa emateko aukera izango da oraindik.

  Botoa postaz eman ahal izateko eskaera epea hilaren 16an amaitu zen baina egun hauetan dokumentazio sobreak iristen ari dira oraindik. Eskaera egin zuten denek bozkatu ahal izateko, botoa emateko epea, esan bezala, ostirala 14:00ak arte luzatu da. Hortik aurrera, Oñatin erroldatuta dauden hautesleen botoak postetxean bertan gordeko dira, igande goizean, dagokien hauteskunde mahaira eraman bitartean.

  Dokumentazio sobre handiak dira egun hauetan postariak banatzen ari direnak, domekan hiru hauteskunde izango direnez, hiruetarako dokumentazioa banatzen ari baitira. Europar Parlamenturako hauteskundeak, Batzar Nagusietarakoak eta udal hauteskundeak batera izango baitira. Beraz, materiala hirukoiztuta banatzen ari dira posta bidezko botoa tramitatu duten horiei.
Hauteskunde bakoitzerako hautagaitzak koloreen arabera berezi dira, urdin kolorekoa Europar Parlamenturako, sepia edo laranja argia Batzar Nagusietarako eta zuria, udal hauteskundeetarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!