Ostegunean sartuko da indarrean udako ordutegia Arantzazuko autobus zerbitzuan

2018/03/26
Aste Santuko jai egunetan eta ondorengo domeketan orduro egongo da autobusa Oñati eta Arantzazu artean

  Aste Santuarekin batera udako ordutegia sartuko da indarrean Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuan. Hala, eguneko lehen autobusa 7:30etan abiatuko da Oñatitik, eta hortik aurrera ordubetero, 18:30ak arte. Arantzazutik behera 8:00etan jeitsiko da lehena, eta azkena 19:15etan. Berez 19:00tan beharko lukeen azken autobusaren irteera pitin bat atzeratzea eskatu dute hainbat herritarrek, Santutegian izaten den arratsaldeko mezatara joan ahal izateko. Eskaera horiei erantzunez, eguneko azken autobusa 19:15tan abiatuko da Arantzazutik. Gogoratu, Arrikrutzeko parkinera joateko aukera dagoela, gidariari hala eskatuz gero.

  Apirilaren 1ean aldatu ohi da Arantzazuko autobus zerbitzuaren ordutegia, udakoa indarrean sartuz. Baina Aste Santuko jai egunak tarteko, aurten martxoaren 29an aldatuko da. Ostegun eta Ostiral Santu egunez eta Pazko Astelehenean ere Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua martxan izango da.

Iturria: Oñati Irratia