Ostegunarekin datozen abenduaren 24 eta 31an errefusaren bilketa arratsaldeko lehen ordutan egingo da

2015/12/17
Kubo grisak eguerdirako ateratzea eskatu da Mankomunitatetik

  Gabonetako egunak ailegatzear daudela eta, hondakinen bilketan egingo diren aldaketen berri eman dute Mankomunitatetik. Aurten ostegunarekin etorriko diren Gabon eta Gabon Zahar egunetan, hau da, hilaren 24 eta 31an errefusaren bilketa arratsaldeko lehen ordutara aurreratu da. Bi egun horietan, bilketa-kamioiak 13.30etan irtengo dira zerbitzua betetzera. Horrek esanahi du, normalean, iluntzean atera ohi den kuboa ere lehenago atera beharko dela. Mankomunitateko arduradunek, kubo grisak 12.00-13.00 inguruan ateratzeko eskaera egin dute. Eta ez behintzat, iluntzean, behin kamioiek bilketa egin ondoren.

  Neurri honekin,hondakinen bilketa zerbitzua ziurtatu baina aldi berean, horretan diharduten langileen jai eskubidea bermatu nahi du Mankomunitateak. Normalean gaueko lan txanda betetzen badute ere, egun seinalatu horietan  egunekoa jarri zaie eta hondakinak batu ondoren, gainontzekoen antzera, Gabon eta Gabon Zahar eguneko ospakizunez gozatzeko aukera izan dezaten.

  Traste zaharren bilketa zerbitzuan ere aldaketak egingo dira. Berez, ostegunetan izaten da gurean baina datozen bi asteetan aurreratu eta astearteetan egingo da Debagoiena osoan, hau da, abenduaren 22 eta 29an beteko da. Hori bai, gogoratu, traste zaharren bat ateratzeko aurrez abisua eman behar dela honako telefonora deituta: 943. 711938 zenbakira deituta.

  Urrutxu eta ETEOko larrialdi guneak ere erabilgarri daudela gogorarazten da Mankomunitatetik. Hondakinak bertara eraman ahal izateko, aurrez, telefonoz deitu behar da kasu honetan ere, zenbakia: 943 25 22 88 da.

  Gabonetan, herritarren hondakinen bilketan aldaketak egingo diren bezala, komertzio eta elkarte gastronomikoei nahiz industriei eskaintzen zaien zerbitzuan ere aldaketak izango dira. Abenduaren 25 eta urtarrilaren batean, komertzio eta ostalaritza lokalei ez zaie goizeko hondakin bilketa zerbitzurik emango. Eta industrian ere Eguberri eta Urte Berri Egunetan ez da zerbitzurik beteko.

Iturria: Oñati Irratia