Oñatiko udala

Ostalaritzan enplegu eta jarduerari eusteko ez ohiko laguntza berriak emango ditu udalak

2020/11/25
Card image cap
Dirulaguntza zuzenak, inbertsioetarako gastuak arintzeko eta bestelako neurriak adostu dituzte bi udal taldeek

  Gaur prentsaurrean aurkeztu diren dirulaguntza hauen oinarriak biharko Osoko Bilkuran azaldu eta onartuko dira. Behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eskatu ahal izango dira, abenduaren 23ra bitartean.

  Pasa den asteartean sektoreko profesionalekin egin zen batzarrean berehalakoan, modu azkarrean tramitatu eta eskuratu daitezken laguntzak eskatu zituzten ostalariek. Behar horri erantzunez, dirulaguntza zuzenak eta inbertsioei aurre egiteko laguntzak emango ditu udalak.

  Laguntza zuzenak, itxialdiko eta ondorengo gastuei aurre egiteko emango dira eta langile kopurua hartuko da oinarri: 2 langile edo gutxiago dutenei 800 euro emango zaizkie hileko, guztira, 1.600 euro; 2 eta 5 langile arte dituztenei 1.000 euro hileko, 2.000 guztira eta 5 langiletik gora dituztenei, 1.200 euro hileko, 2.400 guztira. Dirulaguntza zuzen hauetarako 120.000 euroko partida berezitu du udalak eta abenduaren 23ra bitartean eskatu daitezke; eskaera jaso ahala tramitatuko dira, helburua, berehalako gastuei aurre egiteko bideratzea baita. Dirulaguntza hauek jasotzen dituzten ostalariek lokala berriro zabaldu eta negozioari gutxienez hilabetez eusteko konpromisoa bete beharko dute.

  Covid-19ari aurre egiteko jarduera ekonomikoa prestatzeko inbertsio eta ekipamenduetarako laguntzak ere emango dira. Egindako gastuaren %60 arteko dirulaguntzak izango dira, beti ere, 3.000 euroko mugarekin. Inbertsioetarako 25.000 euro bideratuko dira eta eskaerak jasotzeko epea amaitu ondoren tramitatuko dira.

  Dirulaguntzez gain bestelako neurri batzuk hartuko ditu udalak, ostalaritza sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko:
-    Itxierari dagokion terrazen tasen kostua itzuliko da
-   Terrazetan itxitura edota estalkiak, toldoak, jarri ahal izateko hirigintza ordenantza egokituko da
-    Kuttuna.org eta oñati.bonoak.eus plataformetan eskuratutako ostalaritzako bonoak erabiltzeko aukera martxoaren 31ra arte luzatuko da. Bonoa erosteko epea mantenduko da baina gastatzeko epea hiru hilabetez luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!