Ostalaritza ordenantzaren harira gobernu taldearen salaketak gaitzetsi ditu EAJk, alarma sortu ez baizik eta ekar ditzakeen ondorioak azaleratu dituela esanez

2018/07/19
Card image cap
Kaltetuen arazoak entzun eta erantzuna emango dien ordenantza lantzea eskatzen dute jeltzaleek

  Taberna eta ostalaritza arloko ordenantza proposamen berriaren harira, EAJk pasa den astean zabaldutako oharrari erantzun zion Gobernu taldeak eta orain, jeltzaleek, idatzi berria plazaratu dute. Egindako akusazio larriei erantzun beharrean daudela argitzen dute jeltzaleek.

  EH Bilduk, herritarrengan nahasmena eta alarma sortu izana egoztearen haritik, ordenantza berriak ekarriko lukeen atzerapena azaleratu eta jakinarazi besterik ez dutela egin argitzen du EAJk. Jakinaraztea alarma sortzea denik ukatzen dute eta bizilagunek beren burua defendatu dezaten, informatu eta ohartarazi dituztela azpimarratzen da idatzian.

  Pasa den asteko oharrean azaldu bezala, udal gobernuak prozesu parte hartzailerik ez duela abiarazi gogoratzen dute jeltzaleek. Zaratengatik kaltetutako bizilagunek ez dutela inolako informaziorik jaso eta ondorioz, proposatutako ordenantzaren edukia ere ez dutela ezagutzen aipatzen dute. Alde horretatik, parte hartzearen eta elkarlanaren aldeko apustua aldarrikatzen duen gobernuaren jokaera ez zaio zilegi iruditzen EAJri. Are gutxiago, ordenantzari proposamenak egin dezaten herritarrei zuzendutako deia, testua ezagutzen ez bada ekarpenak zein ordenantzari egin galdetzen dute jeltzaleek prentsa oharrean. 

  Udal gobernuak alderdi jeltzalearen aurkako eraso zuzenetan eta akusazio faltsuetan oinarritu eta ordenantza proposamenaren nondik-norakoak oraindik ez dituela azaldu gaineratzen du EAJren idatziak, estrategia horren larritasuna azpimarratzeaz bat. Era berean gogorarazten du, mahai gainean dagoen ordenantza proposamenak 1993ko kontrol sisteman atzera egitea dakarrela eta bizilagunak salaketak jartzera behartuko dituela berriro.  

  Udal gobernuaren indarrak pertsona kaltetuak entzun eta egungo arazoari erantzuna emango dion ordenantza proposamena lantzera bideratuko balitu hobe lukeela ere badio EAJk gaurko prentsa oharrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!