Ostalarientzako lehen dirulaguntza zuzenen ordainketa astean egingo du udalak

2020/12/22
Card image cap
Bihar amaitzen da inbertsioetarako nahiz berehalako gastuetarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea

  Azaroan eta abenduan itxita egon diren bitartean izandako gastu finkoei aurre egiteko laguntza zuzenak eskaerak jaso ahala ordainduko zirela agindu zuten udal ordezkariek. Lehenengo 22 eskaerak aste honetan bertan ordainduko dira, 42.000 euro guztira. Izan ere, dirulaguntza hauek langile kopuruaren arabera kalkulatu baitira. Horregatik, eskaera egiterakoan norberaren konturako langile edo autonomoen izen abizenak eta NANa adierazi beharko dute ostalariek, udalarekiko, ogasunarekiko eta gizarte segurantzarekiko zerga betebeharrak egunean dituztela egiaztatzearekin batera.

  Dirulaguntza zuzenen lehenengo ordainketak astean egingo dira baina gehiago izango dira, bihar amaitzen baita eskaerak egiteko epea, bai laguntza zuzenetarako baita egindako inbertsio gastuak arintzeko laguntzetarako ere. Orain arte 50en bat eskaera jaso dira udal bulegoetan.

  Covid 19ari aurre egiteko ostalaritza lokala edo jarduera bera prestatzeko inbertsio eta ekipamenduetarako udal dirulaguntzak, eskaera epea amaitutakoan aztertu eta ebatziko dira, denak batera. Izan ere, laguntzak, baldintzak betetzen dituzten guztiei helaraztea baita helburua. Printzipioz, egindako gastuaren %60  arteko laguntza emango da, 3.000 euroko mugarekin baina dagoen diru poltsa baino eskaera gehiago baleude, laguntzak proportzionalki murriztuko lirateke guztiengana iristeko, esan bezala. Inbertsio gastuak arintzeko laguntzetarako 25.000 euroko poltsa gorde zuen udalak, ohiko gastuei aurre egiteko laguntza zuzenetarako berriz, 120.000 euro.

  Bihar amaitzen da esan bezala ostalaritzara zuzenduta udalak onartu dituen azken dirulaguntza hauek eskatzeko epea. Eskaerak, aurrez aurre udaletxeko HAZ bulegoan, posta arruntez bidalita edo udaleko web atarian sartuta egin daitezke.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!