Ostadar koloreko bandera jarri da Udaletxean igandean sexu askapenerako nazioarteko eguna ospatuko dela gogoratuz

2015/06/26
Card image cap
Udaleko Berdintasun Departamentuak, mobilizazioetan parte hartzera deitu du

  Oñatin printzipioz, ez da aldarrikapen ekintzarik antolatu baina Hego Euskal Herriko lau hiriburutan mobilizazio ezberdinak izango dira bihar eta etzi. Udaleko Berdintasun Departamentuak, horietan parte hartzeko deialdia zabaldu du. Donostian, bihar, arratsaldeko 18.00etan, Bulebarretik abiatuko da manifestazioa. Domekan berriz, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean bertan, Bilbon, Moiua plazatik abiatuta eta Iruñean, geltoki zaharretik irtenda eguerdiko 12.30tan hasiko dira eta Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan izango da mobilizazioa, eguerdiko 13.00tan.

  Domekan, udaletxea itxita egongo denez, sexu askapena aldarrikatzen duen ostadar bandera gaur jarri da balkoian. Asteburu osoan mantenduko da LGBT kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko.

  Aurten 45 urte beteko dira New York-eko Greenwich auzoko matxinada gertatu zenetik. Gertaera haiek, mugarri izan ziren erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra. Baina Berdintasun Departamentutik azpimarratzen dutenez, matxismoa, transfobia, lesbofobia eta homofobia darabilten jarreretatik eraso eta inposizioak gertatzen dira oraindik, baita Euskal Herrian ere. Horregatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen da Udaletik, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak eta fobiak desagerrarazteko. Eta hori, alor guztietan landu behar behar dela azpimarratzen da: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!