Osoko bilkuran bizi dugun egoera ekonomiko zailari erreferentzia egingo zaio arratsaldean.

2013/06/27
Larrialdietarako udal laguntzen ordenantza azalduko da eta “Kaleratzeak-Stop desahucios” taldeaen eskariz, HMEI-ren ordezkatzea eskatzen duen mozioa aztertuko da.

  Gizarte larrialdietarako laguntzen inguruko eskumena Eusko Jaurlaritzari dagokio. Baina Oñatiko biztanleen eskaerei erantzun ahal izateko Gasteiztik ez da baliabide nahikorik iristen. Hori dela eta, Udalak diru partida propioa dauka urteko aurrekontuetan Jaurlaritzak bete ezin dituen eskaerei erantzuteko. Diru partida hau bideratzeko ordenantza berezia osatu da eta horixe azalduko da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Bide batez, udalbatzako kideei ordenantza arautzaile hau hasiera bateko izaeraz onartzea proposatuko zaie.

  Baina bizi dugun egoera ekonomiko zailarekin lotura duen beste gai bat ere aztertuko da arratsaldeko bilkuran. “Kaleratzeak-stop desahucios” taldearen eskariz mozio bat ere aaurkeztuko baita. Bildu udal taldearen eskutik HMEI edo Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea ordezkatzea eskatuko da.

  Euskararekin zer ikusia duten hiru gai ere azalduko dira: UEMA Udal Elkarterako Oñatiko Udalaren ordezkarien ordezkoak izendatzen dituen alkate dekretuaren berri emango da, udalaren hizkuntza irizpideak onartzea proposatuko da eta udalak egiten dituen kontratazio publikoetan txertatu beharreko baldintzak behin betiko izaeraz onartzea eskatuko da.

  Bergara eta Oñatiren arteko mugalerroa berrestu eta falta diren mugarriak birjartzea ere proposatuko da arratsaldeko bilkuran.

  Ekaineko Osoko Bilkurarako 11 puntuko gai zerrenda zehaztu da. Bilera, ohikoa denez, 19.30tan hasiko da

Iturria:Oñati irratia