Osoko Bilkura egingo da gaur arratsaldean

2019/06/06
Card image cap
Maiatzaren 2koa azkena zela iragarri zen baina premiazko gaiek jardunean dagoen udalbatzaren bilera berria deitzea eragin dute

  2018ko udal entitateen kontu orokorren gaiak eragin du nonbait, jardunean dagoen udalbatzaren Osoko Bilkura deitzea. Baina hori, lan zerrendan jaso den gaietako bat besterik ez da, 8 gai eta Alkate Dekretu ugariren berri ematea zerrendatu direlako.

  Ingurumen eta Landa Garapen departamenduak kudeatzen dituen dirulaguntzen oinarri araultzaileak onartu eta deialdia egitea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran. Beste horrenbeste, landa bideak hormigoitzeko gaiaren inguruan, hau da, oinarriak onartu eta 2019ko deialdia egitea aztertuko da. Bestelakoan, Kurtzekua areako 1.8 orubearen 8.2 partzelaren derrigorrezko salmenta, Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziaren ondareak udalaren esku lagatzeko txostena, edota, hainbat udal lanposturen balorazioa egokitzea eztabaidatu eta erabakiko da arratsaldeko batzarrean.

  Era berean, eta azken plenoetan gertatu bezala, Alkate Dekretuz onartu diren hamarnaka gairen berri emango zaio jardunean dagoen udalbatzari.

  Maiatzaren 2ko Osoko Bilkura amaitzear zegoela alkateak eta oposizio buruak agurreko eta eskertza hitzak egin zituzten arren, legealdi honetako azken ohiko batzarra ez da hura izango, gaurkoa baizik. Ondoren, gaurko bilkuraren agiria onartzeko Ez ohiko Osoko Bilkura batetara deituko dira jardunean dauden zinegotziak eta alkatea. Datorren astean izango da seguruenera, beti ere, udalbatza berria eratu aurretik. Maiatzaren 26an bozkatu ziren hautetsiek ekainaren 15ean egingo den batzar berezian hartuko dute zinegotzi akta eta bilera berean egingo da alkate berriaren aukeraketa.

  Gaurko Osoko Bilkura, 18:30tan hasiko da

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!