Osoko Bilkura berezia egingo da ostegunean, aisialdi baratzen zozketa arautuko duten oinarriak eta zerbitzuaren erregelamendua hasiera bateko izaeraz onartzeko.

2014/09/01

  Udaleko ingurumen batzordeak prest ditu aisialdi ortuen zozketa arautuko duten oinarriak. Horrezaz gain, zerbitzu berri honen funtzionamendurako arautegia ere zehazten ari da. Okerrik ezean, bi dokumentuok, batzordeak gaur bertan egingo duen bileran aztertuko ditu eta etzidamu egin asmo den Osoko Bilkura berezian azaldu eta hasiera bateko izaeraz onartzea proposatuko da.

  Udalak aisialdi ortuen egitasmoa zabaldu zuenean, hartarako bi gune garatzeko aukera azaldu zuen eta erabiltzaileen elkarte litzatekeena eratuz   funtzionatzeko proposamena egin zuen. Hasierako eta urteko kuota batzuek ere zehaztu ziren bebarruetan jarri ziren jakinarazpen orrietan. Baina guzti horri forma eman behar zaio eta horretan aritu da esan bezala, udaleko ingurumen batzordea.

  Udazken-neguko landaketa lanei begira, aisialdi baratzeen esleipena lehenbailehen egin asmo da. Horretxegatik, hile amaierako ohiko Osoko Bilkurara itxaron gabe, ostegunean bilkura berezia eginez prozedura martxan jarri nahi da. Aisialdi ortuetarako proposatzen den funtzionamendu eredu eta araudia aurkeztuko dira eta aisialdi ortu bat hartzeko interesa agertu duten herritarren artean egingo den zozketarako oinarriak eztabaidatuko dira. Onartzen badira, publiko egin eta alegazioetarako epea irekiko da. Ortuen zozketa, ahal dela, San Migel jaixen bezperatan egiteko.

 Gogoratu, autokontsumorako aisialdi orturen bat landatzeko interesa izango luketenei izena emateko deialdia eginda, 167 herritarren zerrenda osatu zela. San Martin eta Torrealde guneen artean zuten preferentzia azaltzea ere eskatu zitzaien eta 101ek San Matinen aldeko hautua egin zuten. Hala, egoitza eta auzune berriaren artean dagoen 3.000 metro karratuko orubea ortuetarako prestatzen hasi ziren uztailean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!