Osasun zentroa 17:00ak arte egongo da zabalik

2020/11/12
Card image cap
Ahalik eta arreta onena ematea da ordutegi aldaketaren arrazoia

  Hala jakinarazi du anbulatorioko zuzendari Txaro Martinezek. Azkenaldian lana pilatu egin zaie osasun zentroan eta dituzten pertsonal baliabideak optimizatze aldera, arratsaldeko txandan zebilen taldearen ordutegia aurreratzea erabaki da. Hala, 20:00tan amaitu ordez 17:00tan amaituko dute, eta ondorioz, anbulatorioko ateak, 17:00tan itxiko dira.

  Ohiko lan jardunaz gain, Covid-19ak sortzen dituenak gehitu zaizkie anbulatorioko langileei eta lanpetuta dabiltza. Positibo ematen duten herritarrei jarraipena egiten diete, euren gertukoekin ere egoten dira aztarnariak dauden arren, informazioa batzen saiatzen dira, altak eta bajak ematen dituzte, ohiko gaixotasunak dituzten herritarren arreta ahaztu gabe. Gaixoak kontsultan artatzeari lehentasuna ematen diotela argitu nahi izan du osasun zentroko arduradunak, lehen harremana telefonoz egiten duten arren. Aurrez-aurreko atentzioa ematen saiatzen direla adierazi eta horrek beste egokitzapen bat ere ekarri duela, Covid gaixoak eta besteak nahastu ez daitezen artatze espazioak berezitu egin behar izan baitituzte.

  Herritarrei eskainitako arreta ahalik eta onena izan dadin erabaki dute osasun zentroaren ordutegia aldatu eta 17:00ak arte zabalik izatea. Ordutegi berria urtarrilaren 8ra arte luzatuko da, oraingoz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!