Osasun profesionalentzat EPI biserak egiten ari dira Zuazola-Larraña institutuan, 3D inprimagailuz lagunduta

2020/03/25
Lanbide heziketako zentroak Osasun sailarekin lankidetzan ari dira

  Pasa den astean jakinarazi zitzaien Euskadiko Lanbide heziketa zentroei lankidetza honen berri, 3D inprimagailuak bazituzten, parte hartzeko gonbidapenarekin batera. Larraña institutuan halako inpresora bat badute, berria gainera, eta EPI biserak egiteko prozesua erraza zela ikusita , parte hartzera animatu ziren. Gipuzkoan, Oñatiko ikastetxearekin batera beste 19 zentrok parte hartzen dute ekimenean.

  EPI biserak egiteko planoak eta 3D inprimagailuan sartzeko programa ostiralean jaso zuten Zuazola-Larraña institutukoek eta ordutik lanean ari dira. Diademak egiteko beharrezkoa duten haria bazuten eskolan eta pantailak egiteko enkuadernatzeko erabiltzen den plastiko-orria darabilte. Materiala amaitutakoan berria eskuratuko die Teknikak, hau da, Lanbide heziketako zentroen lan berezi hau koordinatzen ari den erakundea.

  Osasun alarma egoerak hala eraginda Zuazola-Larraña institutuko ateak itxita daude, bertara egun batzuetan joaten dira, zuzendaritzako kideak eta ondorioz, 3D inprimagailuari ahalik eta etekin handiena ateratzeko helburuz Larrañako idazkariak etxera eraman zuen eta handik ari da, egunero etengabe lanean. Egunean dozena inguru bisera egiten dituzte. Teknikako ordezkariak arduratzen dira zentro ezberdinetan egindako biserak jaso eta osasun arduradunei emateaz. Institutuan zuten materiala amaitutakoan ere, Teknikaren bitartez eskuratuko dute lanean jarraitzeko material berria.

  Lanbide heziketako zentroek eskuratu dituzten planoekin EPI biserak egitea oso erraza dela adierari digu Itziar Agirrek Zuazola-Larraña institutuko zuzendariak. Osakidetzak balidatutako biserak dira gainera. Horregatik, 3D inprimagailuak dituzten ikastetxeak eta enpresak ekimenarekin bat egitera deitzen ditu, osasun profesionalak behar bezala babestuta lanean jarraitu dezaten oso garrantzitsua dela azpimarratuta.

Iturria: Oñati Irratia

Zuazola-Larraña institutuan egindako bisera bat