"Osakidetzan nik euskaraz nahi dut" kanpaina abiatu da Debagoieneko ospitale eta anbulatorioetan

2016/04/06
Card image cap
Osasun arretarako euskara lehenesten duen ekimena da

  Osakidetzak osasun arretarako lehentasunezko hizkuntza hautatzeko aukera ematen die herritarrei. Horixe da, hain zuzen, atzo aurkeztu zen kanpaina honen helburua: erabiltzaileak animatzea lehentasunezko hizkuntza gisa euskara eskatu dezaten. Horretarako orri markagailuak egin dira eta eskualdeko liburutegi, ikastetxe, anbulatorio eta bulego publikoetara banatuko dira. Spot bat ere egin da, euskara arretarako lehen hizkuntza izan dadin eskatuta edo eskatzekoa duten  bailarako hainbat pertsonen testigantzekin. Sare sozialak ere erabiliko dira, kanpainaren mezua eta aipatu spota zabaltzeko.

  Osakidetzan nik euskaraz nahi dut kanpaina, Debagoieneko ESI, Udalak eta euskara elkarteen ekimena da. Eta helburu bikoitza dauka: osasun asistentzia hobetu eta zerbitzu publiko hau bertako hizkuntza errealitatera egokitzea. Horren haritik, atzoko aurkezpen ekitaldian, Jose Mari Armentiak, Osakidetzako pertsonal buruak esan zuen, osasun zerbitzuaren erronka asistentzia hobetzea izanik, profesional eta gaixoaren arteko hurbiltasuna lortzearren hizkuntza oinarrizkoa dela.

  Osakidetzak paziente guztien fitxak ditu eta bertan zehazten da besteak beste, zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta. Orain gutxira arte, halakorik jakinarazi ez zuen gaixoari, defektuz, gazteleraz jartzen zitzaion. Azkenaldian ordea, hutsik utzi eta pazienteak adierazitakoan betetzea erabaki zen. Horregatik garrantzitsua da zerbitzuaren erabiltzaileak bere lehentasuna azaltzea. Horretarako bidea oso xamurra da. Hiru aukera daude: Dagokion osasun zentroko harreran adierazi, familia mediku edo erizainari kontsultan zuzenean esan edo internet bidez, norberaren osasun karpetan sartuta egitea. Euskara lehentasunezko hizkuntza izatea aukeratuta, fitxan jasota geratuko da eta hala, paziente euskaldun gisa identifikatuta agertuko da. Ikurra ikusterakoan, artatu behar duen profesionalak jakingo du arreta euskaraz jasotzea nahiago duela, eta, aukera dagoen guztietan, hala eskainiko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!