Ongizate zerbitzuetako gaiak nagusi gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/09/10
Card image cap
Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzendutako diru-laguntzen deialdia eta udal jabetzako hiru etxe-sozialen alokatze prozesua zertan den azalduko da

  Ongizate zerbitzuak batzordeko gaiak bereziki azpimarragarriak dira Udal Gobernu Taldearen gaurko bilerarako lan zerrendan.

  Udalak, gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei urtero eman ohi dizkien diru laguntzak mahai gainean izango dira. Diru laguntza horiek eskatzeko deialdia zabaltzea proposatuko baita. Udal jabetzako hiru etxebizitza sozialen alokairu deialdia ere egin zen orain hilabete batzuk dela. Zubillaga auzoko 38 zenbakiko lehengo ezkerra eta Olabarrieta 28 zenbakiduneko lehenengo ezkerra eta eskuman dauden etxeak alokairura atera ziren pasa den maiatzean. Eskaerak jaso eta baloratu ondoren, zein herritarrei alokatu proposatu zen eta guzti horren berri emango da gaurko tokiko gobernu batzarrean. Larrialdietarako, etxez etxeko zerbitzurako nahiz aparkatzeko txartel  eskaerak ere aztertuko dira. Era berean, eremu irekia eta familia esku hartze programa luzatzea proposatuko da.

  Sozioekonomia batzordearen eskutik, langabetuei zuzenduta antolatzen diren informatika ikastaroen berri emango da eta Hirigune –Hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko estrategia zonalak sustatzera bideratutako laguntza programaz argibideak emango dira. 

  Iraila hastearekin batera Debagoienako garraio publiko zerbitzuetan indarrean sartu diren aldaketa eta neguko ordutegiaren ingurukoak ere aztertuko dira. Egokitu den zerbitzuetako bat Debagoiena eta Zumarraga arteko linea da. Martxoan indarrean sartu zen ibilbideak hainbat herritarren kexak sortu zituen, autobusak Legazpin geltoki askotan geratzen zirenez, ordu erdikoa zen Oñati eta Zumarraga arteko bidaia 50 minutukoa bihurtu zuen. Jasotako kexa horiei erantzunez, Legazpi eta Zumarraga arteko linea berria jarri du martxan Diputazioak eta Eskoriatzatik doanaren geltoki kopurua murriztu da. Baina hori, adibide bat besterik ez da. Gobernu taldeari xehetasun guztiak emango zaizkio arratsaldeko bileran.

  Lan zerrenda, 54 gai jaso dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!