"Ongi etorri baserrira" izeneko ekimenaren baitan, Gomiztegi baserriaren egunerokoa ezagutu ahal izango da

2016/06/23
ENBA sindikatuak antolatuta, Gipuzkoa eta Bizkaiko 25 baserritako ateak bisitarientzat irekiko dira

  2014an abiarazitako ekimena osatu eta hirugarren urtez errepikatuko du ENBA nekazal sindikatuak uztailaren 1 eta 2an. Hasieran Gipuzkoako baserritako ateak ireki ziren, aurten Bizkaiko batzuk ere bai. Guztira, ostiral eta larunbateko eskaintzan 25 baserrik parte hartzen dute. 25 baserri esatean, 25 famili eta nekazal ustialekuz ari direla argitzen dute antolatzaileek. Euskal gizarteak egungo nekazaritzaren egoera hobeto ezagutu dezan baserrietako ateak irekiko dituztelarik.

  Ate ireki jardunaldi hau ONGI ETORRI BASERRIRA! izeneko programaren baitan kokatzen da. Egitasmoak, hainbat helburu ditu: landaguneari balorea eman, barnealdeko zonaldeko turismoa sustatu eta herri gastronomia goratu. Baserritarrek kalitatezko produktuak sortzeaz gain, ingurumena eta paisaia zaintzen duten subjektu aktiboak direla ezagutzera eman eta gizarteratu nahi da.

  ENBA sindikatuak antolatutako egitasmo honetan Oñatiko Gomiztegi baserriak parte hartuko du. Egitasmoaren beteranoetako bat da Gomiztegi, orain bi urte, ekimena martxan jarri zuten 8 baserrietako bat izan baitzen eta urtero bertako ateak bisitariei ireki baitizkie, bertatik bertara ezagutu dezaten. Aurten ezagutu daitezkeen 25 baserrietako bakoitzak bere berezitasuna du, Gomiztegin, artaldea eta gazta ekoizpena dute baina eskaintzan, baserriko oilaskoak, haragitarako behiak, barazkiak, txakolina, txerriak edota sagarrak eta sagardoa ekoizten dutenak ere ezagutu daitezke.

  Baserri hauek ezagutu nahi dituzten banakako, familia edo taldeek izena aurrez eman behar dute eta hala nahi izanez gero, ezagutu nahi duen baserria zehaztu dezakete. Bestela, antolatzaileek batera edo bestera zuzenduko dituzte. Bisita bakoitzean, produktu dastaketa edota ekintza osagarriak antolatuko dira. ONGI ETORRI BASERRIRA! ate ireki jarduna doan izango da eta  uztailaren 1 eta 2an goizez, 11.00tatik 14.00tara luzatuko da.
Izena eman nahi duenak internet bidez egin behar du: www.ongietorribaserrira.eus atarian sartuz. Dagoeneko, hainbat baserri ezagutzeko taldeak beteta daude.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Gema Arrugaeta)