"Ongi etorri baserrira" izeneko ekimenaren baitan, Estenaga eta Gomiztegi baserrien egunerokoa ezagutu ahal izango da

2015/06/23
ENBA sindikatuak antolatuta, Gipuzkoako 16 baserritako ateak bisitarientzat irekiko dira

  Iaz abiarazitako ekimena osatu eta berriro errepikatuko du ENBA nekazal sindikatuak uztailaren 3 eta 4an. Iaz 8 baserritako ateak ireki ziren, aurten 16koak irekiko dira. 16 baserri esatean, 16 famili eta nekazal ustialekuz ari direla argitzen dute antolatzaileek. Euskal gizarteak egungo nekazaritzaren egoera hobeto ezagutu dezan baserrietako ateak irekiko dituztelarik.

  Ate ireki jardunaldi hau ONGI ETORRI BASERRIRA! izeneko programaren baitan kokatzen da. Egitasmoak, bi helburu nagusi ditu: Euskadiko hiritar eta baserritarren arteko harremana estutzea batetik, eta baserritarren ogibidea goratzea bestetik. Baserritarrek kalitatezko produktuak sortzeaz gain, ingurumena eta paisaia zaintzen duten subjektu aktiboak direla ezagutzera eman eta gizarteratzea.

  ENBA sindikatuak antolatutako egitasmo honetan Oñatiko bi baserrik parte hartuko dute. Arantzazuko Gomiztegi baserriak iazko esperientzia berrituko du eta Estenaga baserriak ateak, estreinako aldiz irekiko ditu. Gipuzkoa osoko beste 14 baserri ere bertatik bertara ezagutu ahal izango dira. Bakoitzak, berezitasun bat du, Gomistegin, artaldea eta gazta ekoizpena dute eta Estenagan berriz, esne behiak. Baina eskaintzan, baserriko oilaskoak, haragitarako behiak, barazkiak, txakolina, txerriak edota sagarrrak eta sagardoa ekoizten dutenak ere ezagutu daitezke.

  Baserri hauek ezagutu nahi dituzten banakako, familia edo taldeek izena aurrez eman behar dute eta hala nahi izanez gero, ezagutu nahi duen baserria zehaztu dezakete. Bestela, antolatzaileek batera edo bestera zuzenduko dituzte. Bisita bakoitzean, produktu dastaketa edota ekintza osagarriak antolatuko dira.

  ONGI ETORRI BASERRIRA! ate ireki jarduna doan izango da eta  uztailaren 3 eta 4an goizez, 11.00tatik 13.00tara luzatuko da. Izena eman nahi duenak telefonoz egin dezake, ENBA sindikatuko egoitzara deituz, 943.650123. Izena emateko azken eguna, ekainaren 28a izango da.

Iturria: Oñati Irratia