"Ondo bereiztua, asko aurreztua!" kanpaina abiatu du Debagoieneko Mankomunitateak

2021/02/05
Ontzi arinekin batera botatzen diren hondakin inpropioak gutxitzeko ekimena da

  Ontzi arinen bilketan aurkitu ohi den hondakin inpropio kopuru altuak birziklapen prozesua eten eta zailtzeaz gain, ingurumen kaltea eragiten du, diru-galerarekin batera. Galera horren kalkulua egin du Mankomunitateak eta bi urtean 150.000 euro ingurukoa izan dela argitu du Maite Anton lehendakariak.

  Ontzi arinak bestelako hondakin desegokiekin nahasten dira sarritan, pixoihal edo hondakin organikoekin. Bihar hasi eta martxsoaren 27ra arte luzatuko den kanpainaren helburua da herritarrak arazoaz ohartu eta ohitura egokiak barneratzea. Bide horretan aurrerapausoak emateko, adin guztiei egokitutako ekintzak antolatuko dira herririk herri. Informazio puntuak jarriko dira eta azalpenak eman eta ohitura egokien dekalogoa banatuko da. Haur eta gaztetxoekin hainbat ekintza egingo dira: murala margotu, hondakinen karakterizazio saioak eta ginkana. Ekintza hauek Antzuolan hasiko dira bihar, eta eskualdeko herri guztietan egingo dira, txandaka. Oñatin, martxoaren 13an izango da, plaza inguruan. Ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko da.

  Gainera, ontzi arinen birziklapena hobetzeko ideiak ere jasoko ditu Mankomunitateak, web orrian sartuta. Ekimenetan parte hartzen duten edo ekarpenak egiten dituzten herritar guztien artean kotoi organikozko poltsen eta soltean erosteko zakuen zozketa egingo da.

Iturria: Oñati Irratia