Ondarearen Europako Jardunaldiak Oñatira iritsiko dira urriaren 15 eta 23rako antolatu diren bisita gidatuen bidez

2016/10/11
"Migrazioak eta kultura ondarea" gai nagusia jorratuko da

  Europako Jardunaldien gaia aurten horixe baita, migrazioak eta kultura ondarea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko hainbat herritako udal, elkarte eta kultur eragileekin elkar lanean antolatu ditu jardunaldi hauek. Iraila eta urrian zehar 53 ekintza eskaintzen ari dira 22 udalerritan. Oñatin ere izango da zer ikusi eta ikasi urriaren 15 eta 23rako antolatu diren bi bisita gidatuetan.

  Larunbatean, eta Arrikrutzeko koban, Historiaurreko migratzaileak izeneko bisita berezia egingo da. 10.00etan hasiko da eta parte hartu ahal izateko,  izena, aurrez eman behar da Arrikrutzeko erreserba telefonora deituta: 943.082000. Hurrengo astean berriz, hilaren 23an, Turismo Bulegoak eta Gipuzkoako Protokolo Historikoen Artxibategiak elkarrekin antolatu duten bigarren bisita egin ahal izango da. Gipuzkoa eta Amerika arteko migrazioen gaia jorratuko da. Joan-etorriko horretan kultura, ohiturak, joera berriak nola zabaltzen diren azalduko da eta dokumentalki Oñatitik, edo Gipuzkoatik, Ameriketara eta handik hona itzulitakoen agiriak ikusi ahal izango dira. Herriko erdiguneko Indianoen etxeen inguruko kontakizunak ere azalduko dira. Turismo Bulegoak gidatuko duen bisita berezi hau, 11.00tan hasiko da hilaren 23an, esan bezala. Parte hatzeko izena eman behar da Turismo Bulegora bertara deituta: 943.783453.

  Migrazio mugimenduek, arte eta kultura ondarean duten eragina ezagutarazi nahi dute Ondarearen Europako Jardunaldiek. Gipuzkoan bezala, Europako beste hainbat herrialdetan ere egiten ari dira.

Iturria: Oñati Irratia