Oñatitik hiriburuetara joateko lotura-autobus zerbitzu berria jarriko da San Prudentziora.

2013/06/12
Bertan, Gasteiza, Donostiara edo Bilbora eta Loiuko aireportura doazen autobusak hartu ahal izango dira.

  Uztailaren 1ean martxan jarriko den autobus zerbitzu berriarekin, Oñati hiriburuekin lotzeko aukera handitu nahi du Aldundiak. Orain arte, Donostia edo Gasteiza joan nahi zuen oñatiarrak Arrasate edo Bergarara joan behar zuen autobusa hartzera. Aurrerantzean, eta uztailaren 1etik aurrera jada, San Prudentzion bertan hartu ahal izango da. Ez hori bakarrik, San Prudentziora joan-etorria ordu erdiro egingo duen autobus zerbitzu berria jarriko da.

  Oñatitik San Prudentziorako autobus zerbitzua, goizeko 06:05ean hasiko da eta gaueko 22:05ean amaituko da. Tarte horretan, ordu erdiro irtengo direlarik. San Prudentziotik Oñatira etortzeko berriz, goizeko 06:20an izango da lehengo autobusa eta azkena, gaueko 22:20an. Oñati eta San Prudentzio arteko autobus linea berriak, ohiko geltokiak izango ditu: Olakua-San Lorentzo, Kalegoiena, Posta bulego aurrealdea, Madalena, Zubillaga eta San Prudentzio.

  San Prudentziora hurbilduta, oñatiarrek ibilbide luzeko autobus zerbitzuekin konbinatzeko aukera izango dute, bereziki Gasteiz, Donostia eta Loiuko aireportura doazenekin. Gasteizkoarekin 5 minutuko transbordoa izango dute, Donostiakoarekin 15minutukoa eta Loiukoarekin 5 minutukoa. Bilbokoaren kasuan, egun Oñatitik Bilbora dagoen zerbitzuaz gain, goizeko lehenengoarekin eta eguerdikoarekin ere San Prudentzion 5 minutuko itxaronaldia eginda lotu ahal izango da.

  Uztailaren 1etik aurrera Oñati eta San Prudentzio arteko autobus zerbitzu berriak eskainiko dituen lotura edo transbordo aukerez gain, gaur egun ere, Arrasate edo Bergarara hurbilduta hiriburuetara joateko zerbitzuez baliatu gaitezke.

  Hiriburuetara xamurrago iritsi ahal izateko lotura autobus zerbitzu honen berri atzo eman zuen Foru Aldundiak. Oñati eta San Prudentzio artekoaz gain, Gipuzkoako garraio publikoan egindako beste berrikuntza batzuk aurkeztu ziren. Guztira, autobus zerbitzu berri horiek, ia bi milioi eta 600 mila euroko kostua izango dute.

  Gure eskualdeari dagokionean, Elgetako taxibusa ere martxan jarriko da Bergara eta Elgeta lotuz. 

Iturria: Oñati irratia