Oñatiri eskainitako postala argitaratu du Correosek

2016/11/10
Card image cap
1000 ale egin dira eta postetxean daude salgai

  Postetxeko arduradunaren ekimenez egin ditu Correosek Oñatiko postalak. Herriko aberastasun kultural eta naturala kanpoan ezagutarazteko bitarteko egokia zela iritzita, Oñatiko postalak egiteko proposamena helarazi zion Correos zerbitzuari. Ontzat hartu zen eta hala Oñatiko hiru irudi batean biltzen dituen postalaren 1000 ale egin dira.
Korpus prozesiñoko pertsonaia nagusienetakoa den San Migel Goiaingerua, Aloña mendialdea eta Aitzuloko irudiak dira Oñatiko postalean ikusi daitezkeenak. Jatorrizko argazkiak Natxo Santosenak dira.

  Oñatiko postalak euro batean saltzen dira postetxean eta frankeatuak daudenez, beste seilurik jarri gabe estatuko edozein lekutara bidali daitezke.

  Filatelia eta postal bilduma zaleak izan dira Oñatiko postalak eskuratzen lehenak baina edozein herritarrek erosi eta erabili ditzake.

  Oñatiko  irudiak dituzten postalak ohikoak dira herriko denda eta turismo bulegoan baina lehen aldia da Correos zerbitzuak berak halako txartelik argitaratu eta merkaturatzen duela. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!