Oñatin kultur proiektuak eta programak gauzatzeko nahiz kultur sormen lanak egiteko, 2017ko diru laguntza deialdia argitaratu da

2017/02/08
Eskaerak, martxoaren 8a bitartean egin behar dira

  Kultura departamentuaren diru laguntzen deialdia bateratu honetan bi  laguntza lerro biltzen dira: kultur proiektuak eta programak gauzatzeko 58.000 €-ko diru poltsa izango da batetik, eta Oñatin, irabazi asmorik gabeko taldeek garatuko dituzten kultur sormen lanak egiteko 12.000 €ko beste poltsa bat izango da. Iazko diru partidak mantendu egin dira eta guztira 70.000 € izango dira kultur arloko diru laguntzetarako.

  Kultur proiektuak eta programak gauzatzeko diru laguntzak, kultur arloko ekintza bat edo programazio oso bat antolatzen duten talde eta erakundeek eskatu ditzakete. Beti ere proiektua Oñatin gauzatzen bada. Dena den, ez dira kontutan hartuko udalaren beste diru laguntzaren bat eskuratzen duten ekintzak. Diru laguntza honen eskatzaileek, dagokien eskaera orri orokorrari, proposatutako ekintza edo ekintzei buruzko fitxak erantsi beharko dizkiote. eta baita nortasun agiriaren kopia edota identifikazio fiskalaren kodearen kopia ere. Eskariak baloratzerakoan, proposatutako programaren ezaugarriak, eskaera egin duen erakundearen ibilbidea eta ezaugarriak eta dituen finantza baliabideak baloratuko dira.

  Kultur sormen lanetarako diru laguntzen deialdia berriz, Oñatiko sortzaileei zuzenduta dago, talde eskatzailearen erdiak edo  banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egon beharko baitute. Diru laguntza hauekin, musikagileen maketen grabazio eta edizioa, komiki, fanzine edo bestelako kultur argitalpenen edizioa, antzezlan edo ikus-entzunezko lanen produkzioak edota bestelako sorkuntza formatu gauzatzea babestuko da. Diru laguntza hauek banatzerakoan, egingo den argitalpenaren kalitatea, kopurua, aurrekontua, taldearen egonkortasuna eta talde edo eragile ezberdinen arteko elkarlana baloratuko dira, besteak beste. 

  Kasu guztietan, proiektuak diruz babestea erabakitzen denean, diru laguntzaren % 60a ordainduko da. Eta gainontzekoa, egindako lanaren likidazioa aurkezten denean. Oñatin kultur proiektuak eta programak gauzatzeko nahiz oñatiarrek kultur sormen lanak egiteko diru laguntza hauetarako eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dira, martxoaren 8a bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

"2057 odisea bat kanposantuan" filmak kultura departamentuaren diru laguntza jaso zuen iaz