Oñatin ikasi duten sei gaztek bihar hasiko dute selektibitatea

2015/07/07
Guztiek Donostiako Ibaetako kanpusean izango dituzte unibertsitatera sartu ahal izateko gaitasun azterketak

  Unibertsitatera sartzeko ariketak hiru egunetan egingo dira, bihartik ostiralera arte. Bihar eta ostiral goizean, fase orokorreko edo guztiek egin beharreko azterketak izango dira eta ostegunean egun osoan, nahiz asteazken eta ostiral arratsaldeetan, fase espezifikoari dagozkionak. Ikasleen aukerakoa da azterketa guztiak egin ala ez. Zenbait proben emaitzek nota igotzeko balioko baitute. Unibertsitatean ikasi nahi denaren arabera, eta horretarako gutxieneko nota lortu beharraren arabera, ikasleak gai espezifikoen azterketa batzuk egin ala ez aukeratu baitezake.

  Azterketa egunen aurreko orduak urduritasun orduak dira, etorkizuneko ikasketak egun on edo txar baten menpe dagoenaren sentsazioak sortzen duen urduritasuna. Gehienek ordea, proba gainditzen dute baina uztaileko ez ohiko deialdian aprobatzen ez duenak, hurrengo urtera arte itxaron behar du eta horrek ere, presioa sartzen du.
Ekainean, Oñatiko ikasle guztiek lortu zuten selektibitatea aprobatzea. Bihar, 6 izango dira unibertsitatera sartu ahal izateko gaitasun azterketetara presentatuko diren oñatiarrak, Elkar Hezi ikastetxeko 3, Zuazola institutuko bi eta Txantxiku ikastolako beste ikasle bat.

  Oñatiko gazteek azterketak Donostian izango dituzte oraingoan, guztiek  5.epai mahaiari dagokion gelan. Bihar, goizeko 8.45etarako bertan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta selektibitateko matrikula ordaindu dutenaren agiriarekin.

Iturria: Oñati Irratia