Oñatin ikasi duten 14 gaztek bihar hasiko dute unibertsitatera sartzeko ebaluazioa

2019/07/02
Azterketak Donostiako Ibaetako kanpusean izango dituzte

  Unibertsitatera sartzeko ariketak hiru egunetan egingo dira, bihartik ostiralera arte. Lehenengo bi egunetan 18:45 arte luzatuko dira probak eta ostiralean 15:00ak arte. Baina ikasleek ez dituzte azterketa guztiak egin beharko, fase orokorrekoak bai, eta espezifikoari dagozkionak berriz, unibertsitatean ikasi nahi dutenaren arabera puntuazio berezia eskuratzeko hautatu dituztenak.

  Unibertsitatera sartzeko ebaluazioan hainbat aldaketa egin ziren 2017an: izena batetik, lehen selektibitatea esaten baitzitzaion, eta komunak diren hainbat gairen puntuazioa espezifiko moduan baloratzeko aukera, bestetik Horregatik, hainbat ikaslek, derrigorrezkoak diren azterketak bakarrik egingo dituzte eta horietako batzuen emaitzak nota igotzeko ere kontabilizatuko zaizkie.

  Azterketa egunen aurreko orduak urduritasun orduak izan ohi dira, etorkizuneko ikasketak egun on edo txar baten menpe dagoenaren sentsazioak sortzen duen urduritasuna. Gehienek ordea, proba gainditzen dute. Baina uztaileko ez ohiko deialdian aprobatzen ez duenak, hurrengo urtera arte itxaron behar du eta horrek ere, presioa sartzen du. Ekainean Oñatiko 76 ikasle aurkeztu ziren eta 76ek gainditu zuten. Oraingoan 14 dira unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketetara aurkeztuko diren oñatiarrak, Txantxiku ikastola eta Zuazola institutuko seina eta Elkar Heziko bi.

  Oñatiko gazteek Donostian izango dituzte azterketak, Ibaetako kanpuseko Ignazio Maria Barriola ikasgelategian. Elkar Hezikoek 4. epaimahaiari dagokion gelan eta ikastola eta institutukoek , 5.epai mahaiari dagokion gelan. Bihar, 8.45etarako bertan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta selektibitateko matrikula ordaindu dutenaren agiriarekin.

Iturria: Oñati Irratia