Oñatin hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza berria indarrean da jada.

2012/10/03
Azken osoko bilkuran behin betiko izaeraz onartu ondoren, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean atzo argitaratu zen.

  Gaurtik aurrera beraz, herritarren batek hileta edo omenaldi zibilen bat egin nahiko balu, udalak hartarako zehaztutako lekuak erabili ahal izango ditu. Gogoratu, udalak, era honetako ospakizunetarako leku itxiak nahiz gune publikoak eskaintzen dituela: Santa Ana aretoa eta honen sarrerako kristalezko gunea itxia edota Santa Anako lorategia eta hilerriaren aurrealdeko parke irekia. Gune hauetan hileta zerbitzuak egunero egin ahal izango dira domeka eta jaiegunetan izan ezik. Astelehenetik ostiralera omenaldi zibilak goizeko 9etatik ordu bitara eta arratsaldeko 5etatik 8etara egin ahal izango dira. Zapatutan berriz, 12etatik ordu bitara.

  Udalak eskainitako zerbitzuek ez dute kosturik izango. Ekitaldiaren antolatzaileek udal langileen laguntza izango dute eta udaltzaingoak ere lagunduko du ekitaldia normaltasunez gauzatu dadin. Udalak, eskatzailearen eskura jarriko ditu baita ere, megafonia, hilkutxari eusteko elementuak eta aulkiak. Erabiltzen diren udal baliabide materialei dagokienez, indarrean dagoen ordenantza fiskaletan ezarritakoa kobratuko da.

  Baina hileta edo omenaldi zibilak egiteko lekuak, egunak, ordutegiak eta kostua ez ezik, atzo argitaratu zen udal ordenantzan baimenak nola eta non eskatu ere zehazten da.

  Udalak dagoeneko eskaintzen duen zerbitzu hau erabili ahal izateko eskabide orriak behar bezala beteta udal bulegoetan aurkeztu behar dira. Beti ere, ospakizuna egin nahi den egunetan goizeko 11ak baino lehen. Edozein arrazoirengatik hileta ospakizuna egiteko lekua erabiltzerik ez balego, udal arduradunak eskatzailearekin harremanetan jarriko dira egoeraren berri eman eta beste irtenbide bat adosteko.

  Hileta eta omenaldi zibilak egiteko ordenantza behin betiko onartu eta Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu ondoren indarrean badago ere, bertan aurre ikusten den zerrenda bat osatzeko dago oraindik. Ordenantzaren 15. artikuluan, udalak, borondatezko hizlarien zerrenda osatzeko ardura hartzen du bere gain. Horretarako deialdi ireki bat egin beharko da era honetako ospakizunetan borondatezko hizlari izan nahi dutenek izena eman dezaten. Bitartean, udalbatza osatzen duten kideak arduratuko dira hizlari lan hori betetzeaz. Hala egitea onartzen duten udalbatzako kideak, alegia.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!