Oñatin, gripearen kontrako 1.630 txerto jarri dira jada.

2013/10/22
Osakidetzari eskatutako dosien %74a inguru. Hala ere, txertaketa kanpainak zabalik jarraitzen du azaroaren 8ra arte. Ahal dela, Oñatira bidali ziren txerto dosi guztiak jarri nahi dira. Oraindik, 570 geratzen direla adierazi digute anbulatoriotik.

   Urtero bezala, aurten ere, txertaketa kanpaina ireki eta ondorengo egunetan izan da bakunatu kopuru handiena Oñatin. Orain, askok katarroa hartu duela ere ikusi dute osasun etxean. Ondorioz, azken egun hauetan txertoa hartzeko zitak moteldu egin dira. Baina egun asko gelditzen dira oraindik kanpaina amaitu bitartean. Erdi muga pasa berri dugula esan genezake, azaroaren 8ra arte gripearen aurkako txertoa hartzeko aukera ematen baitu Osakidetzak.

  Aukera hori 65 urte edo gehiago dutenei edo gazteagoak izanik, gaixotasun kronikoren bat dutenei ematen zaie. Eta halako 1.630 dagoeneko txertatu da. Kolektibo bakoitzari dagozkion datu konkretuak ez ditugu, beraz, ez dakigu txertatutako pertsona nagusien portzentajea zenbatekoa den eta aurrez zehaztutako kopurua betetzeko zenbat falta den. Baina seguruenetik ez da askorik faltako, Oñatin betidanik Osakidetzak finkatutako bataz bestekoa gainditzen baita.

  Hori hala izanik ere, oraindik bakuna hartu ez duten nagusiak anbulatoriotik pasatzera animatu nahi dira, bereziki, aurten 65 urte bete dituzten edo beteko dituztenak, prebentzio kanpaina hau beraientzat ere bada eta. Bakunak ez du gaitza harrapatzea guztiz saihesten baina gaixotu ezkero arinago pasatzeko bidea ematen du.

  Doanekoa den gripearen kontrako bakuna hartzeko txanda anbulatorioan eskatu behar da.  Kanpaina, azaroaren 8ra arte izango da beraz oraindik, ia hiru aste geratzen dira.

Iturria: Oñati irratia

Txertaketa kanpainaren kartela