Oñatin erroldatutako 8.883 lagunek dute botoa emateko eskubidea

2015/05/22
Herrian irekiko diren hauteskunde mahaitan 10 hautagaitzei dagozkion zerrendak izango ditugu eskura

  Hamar hautagaitzetatik lau udalbatza berria aukeratzeko dira eta beste sei, Gipuzkoako batzar nagusietarako.
Udal hauteskundeetara aurkezten diren 4 hautagaitzak, EH bildu, EAJ, PSOE-EE eta PP dira. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako berriz, aipatutako lauak eta PODEMOS eta IRABAZI-GANAR koalizioa.

  Udal eta Foru hauteskundeetan Europar Batasuneko edozein herrialdetan jaio edota Espainiar estatuarekin akordioa duten beste herrialde batzuetan jaio eta Oñatin erroldatuta dauden 18 urtez gorakoek hartu dezakete parte. Guztira, gurean 8.883 lagunek eman ahal izango dute botoa domekan. Bakoitzaren bizilekuaren arabera, ikastolara, Santa Marinako ikastetxera, Errekaldeko parbulariora, Olakuako haurreskolara edota Bidaurretako dorretxera joan beharko da botoa ematera.

  Hauteskunde mahaiak ireki orduko, posta bulegoan gordeta dauden botoak banatuko dira. Azken orduan posta bidezko boto gehiago jaso daitezken arren, orain arte bide hau erabili duten 193 herritarren bozkak gorde eta babesten dira posta bulegoan. Gaur bertan eta bihar oraindik ere, boto gehiago iritsi daitezke posta bulegora baina dagoeneko jasotakoak, hautesle erroldaren % 2a da.

  Orain lau urte, 2011ko maiatzaren 22an egin ziren udal hauteskundeetan, botoa emateko eskubidea zuten oñatiarren % 72ak bozkatu zuen. Bilduk erabateko gehiengoa lortu zuen EAJren 32 urteko nagusitzarekin amaituz. Iraultza historiko horren ondorioz, Oñatiko Udalbatza bi alderdik osatu dute azken lau urteotan: Bilduk 11 ordezkarirekin eta EAJk, 6rekin.

  Hurrengo legealdira berrira, orain Aralar alderdia ere barne duen EH Bildu koalizioak 2011an hasitako aldaketa bidea sendotu nahi du, EAJk, gobernura itzuli eta PSE eta PPk berriz, galdutako ordezkaritza berreskuratu. 

  Hauteskundeekin erlazionatuta, domekan mahaiko presidente izateko izendapena duten 15 herritarrek bilera informatiboa izango dute gaur arratsaldean. Bileran azalpenak eta dokumentazioa emango zaie.Udaletxean, arratsaldeko 19.00etan hasiko den bilera horretara presidente titular izendapena jaso duten 15 lagunek bakarrik joan behar dute, ez ordezko ezta bokalek ere.

Iturria: Oñati Irratia