Oñatin erroldatutako 8878 lagunek dute etzi botoa emateko eskubidea

2016/09/23
Herrian irekiko diren 15 hauteskunde mahaitan hamaikana hautagaitza izango dira

  Horiexek baitara Gipuzkoan aurkeztu direnak. Domekan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira eta Gipuzkoak, 25 ordezkari izendatuko ditu. Legebiltzarrerako hautagaitzak itxiak dira. Horrek esanahi du alderdiek aurkeztutakoak bere osotasunean bozkatzen direla.

  Domekako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea, espainiar nazionalitatea izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden adin nagusikoek dute. Guztira, Oñatin erroldatutako 8878 lagunek eman ahal izango dute botoa etzi. Bakoitzaren bizilekuaren arabera Santa Marinako ikastetxera, Errekaldeko parbulariora, Olakuako haurreskolara, Bidaurretako dorretxera edo Zubikoa kiroldegira  joan beharko da botoa ematera. Ekainean egin zen bezala, lehen Txantxiku Ikastolan muntatzen ziren 7 hauteskunde mahaiak kiroldegiko kantxa urdinean kokatuko baitira.

  Oñatin, 15 hauteskunde mahai irekiko dira. Mahaiko presidente izateko izendapena jaso dutenek, bilera dute gaur udaletxean. Presidente titularrentzat soilik den bilera honetan, hauteskunde egunaren inguruko azalpenak emango zaizkie eta behar duten dokumentazioa banatuko zaie. Bilera, 19.00etan izango da udaletxean esan bezala.

  Domekan, hauteskunde mahaiak ireki orduko, posta bulegoan gordeta dauden botoak banatuko dira. Orain arte bide hau erabili duten 200nen bat herritarren aukerako papeletak gorde eta babesten dira posta bulegoan. Gaur bertan eta bihar oraindik ere boto gehiago iritsi daitezke posta bulegora. Dagokion hauteskunde mahaitara iristeko mugikortasun arazoak dituztenei zuzenduta, Debagoieneko Gurutze Gorriak egokitutako garraio zerbitzu berezia prestatu du. Interesa duenak, eskaera, San Prudentzioko postura deituta egin behar du: 943.765576 zenbakira deituta.

  Orain lau urte, 2012ko urriaren 21ean egin ziren aurreko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, botoa emateko eskubidea zuten oñatiarren % 72k bozkatu zuen. Emandako botoen, % 47 EH Bilduk jaso zituen; EAJk, % 38 eta PSOEk % 6,6.  Erkidego mailan Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen alderdi bozkatuena  eta 27 legebiltzarkide lortu zituen. Bigarrena EH Bildu izan zen 21 ordezkarirekin, PSE-EE hirugarren, 16rekin, PP laugarren 10ekin eta UPyD bosgarren, ordezkari batekin. Horrela osatu zen Gasteizko ganbara orain lau urte. Domekako hauteskundeen ondoren, XI. legealdiko Legebiltzarra osatuko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Bidaurreta dorreko hauteskunde gunea atontzen