Oñatin erroldatutako 8.882 lagunek dute botoa eman ahal izateko eskubidea etzi.

2014/05/23
Herrian irekiko diren 10 hauteskunde mahaitan 39 hautagaitzei dagozkion zerrendak izango ditugu eskura.

  Atzo hasi eta etzira bitarte egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan, botoa ematen lehenengoak izan dira Erresuma Batua eta Herbehereak. Europako 28 estatuko herritarrek Europako parlamentua osatzen duten 751 diputatu aukeratu beharko baitituzte domeka ilunkara bitartean.

  Espainiar estatuak 54 eurodiputatu aukeratuko ditu etzi. Eta askok, PSOE eta PPren arteko indar neurketa moduan ikusten badute ere, tokian tokiko alderdiek beren ordezkapenean oinarritu dute nazionalitate txikien presentzia Europan. Batzuek eta besteek, dena den, hauteskunde hauek izaten duten abstentzio handiari aurre egitea dute erronka.

  Oñatin, esaterako, orain bost urte, Europar parlamenturako hauteskundeetan, abstentzioa, %60koa izan zen. Botorik ez emateko joera hori gainera, handitzen ari da bost urtetik bost urtera. Pentsa, 2004an bozka emateko egunak Korpusarekin kointziditu zuenean, herritar gehiago joan zen bozkatzera eta abstentzioa lau puntu bajuagoa izan zen.

  Domekan, bozka ematera doazenek aukera ugari izango dute, 39 hautagaitza aurkeztu baitira. Hauteskunde hauek duten ezaugarrietako bat, hautagai zerrendak estatu osorako bateratuak edo berdinak izatean datza. Ez hori bakarrik. Europar Batasuna osatzen duten edozein herrialdetan jaio eta Oñatin erroldatuta egonik, botoa bertan eman ahal izango dutela, baldin eta noski, horretarako eskaera aurrez egina baldin badute. Eta era berean, hauteskunde mahaitan egoteko zozketan ere sartu ziren hautesle horiek. Horrekin erlazionatuta, gogoratu, 10 izango direla domekan gure herrian irekiko diren hauteskunde mahaiak eta bakoitzerako, presidente eta bi bokal titular eta bina ordezko izendatu zirela. Gaur arratsaldean, presidente titular izateko izendapena jaso zuten 10 herritar horiek bilera informatiboa izango dute udaletxean. Bertan, azalpenak eta dokumentazioa emango zaie.

  Bileran, hauteskunde egunaren inguruko argibideak emango zaizkie. Presidenteari dagozkion ahalbideak, botoen kontaketa nola egin edota hauen berri ematen duten orriak nola bete behar diren azalduko zaie. Informazio guzti hori biltzen duten liburuxkak banatuko zaizkie eta bete beharreko dokumentazioa ere emango zaie.

  Zalantzak argitu ahal izateko topagunea ere izango da. Udaletxean, arratsaldeko 7retan hasiko den bilera horretara presidente titular izendapena jaso duten 10 lagunek bakarrik joan behar dute, ez ordezko ezta bokalek ere.

Iturria: Oñati irratia