Oñatin erroldatutako 8.846 lagunek dute etzi botoa emateko eskubidea

2020/07/10
Card image cap
% 7,32ak posta bidez eman du, aurreko hauteskundeetako kopuruaren hirukoitza

  Covid 19ak guztiz baldintzatutako hauteskundeak izango dira domekakoak. Segurtasun neurri bereziak hartuko dira herritarren segurtasuna bermatzeko. Musukoaz joan beharko da eta identifikaziorako eskatu ezean ez da kenduko. Hauteskunde-lokalen sarreretan gel hidroalkoholikoa jarriko da eskura eta, ahal dela, sarrera eta irteera lekuak berezitu egingo dira. Botoa etxetik eramatea eskatzen da baina ohiko kabinak ere jarriko dira. Hori bai, rz dute kortinarik izango. Hauteslekuan aldi berean egon ahal izango den boto emaile kopurua mugatu egingo da eta itxaroten den bitartean distantziak gorde daitezen, zorua markatuko da. Boto emaileak izena esan beharko du eta mahaiko kideek ezingo dute bere nortasun agiria eskuetan hartu. Boto kontaketa berriz, eskularruak jantzita egin beharko da. Horretarako, autobabeserako materiala banatuko zaie mahaikideei: hainbat musuko, eskularru eta gela.

  Neurri berezi guzti horiek, eta hauteskunde orotan izaten diren bestelako argibideak, domekan herrian jarriko diren 15 mahaitako presidenteei azalduko zaizkie gaur arratsaldean. Presidente titular izendapena jaso duten 15 herritarrek bilera dute gaur udaletxean, 19:00tan.

  Domekako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea dute, espainiar nazionalitatea izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden adin nagusikoek. Oñatin erroldatutako 8.846 lagunek dute botoa emateko eskubidea baina 648k postaz eman dute, hartarako eskaera egin baitute. Aipagarria da kopurua hirukoiztu egin dela aurreko hauteskundeekin alderatuz. Botoa postaz emateko epea 14:00tan amatu da.

  Hautesle bakoitzaren bizilekuaren arabera Santa Marinako ikastetxera, Txiki txoko haurreskolara, Bidaurretako dorretxera edo Zubikoa kiroldegira joan beharko da botoa ematera. Kiroldegian kokatuko den 1-7B mahaia partaidetza kopuruari buruzko erreferentziazkoa izango da eta datuak egunean hainbatetan jasoko dira.

  Gipuzkoako hautesleek 14 zerrenden artean hautatzeko aukera izango dugu domekan. Lurralde bakoitzak 25na ordezkari aukeratuko ditu eta 75 horiek osatuko dute XII. legealdiko Eusko Legebiltzarra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!