Oñatin bi bisita eskainiz abiatuko da asteburuan Ignaziotar lurraldea proiektuko “Ezkutuko altxorrak” egitaraua

2019/03/05
Martxotik abendura, hainbat bisita berezi eskainiko dira Debagoiena eta Urola Erdi eta Garaia eskualdetan

  Azken urteetan errepikatzen den eskaintza turistiko-kulturala da Ezkutuko altxorrak Ignaziotar lurraldean izeneko egitasmoa. Proiektuan Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek bat egiten dute eta bailara hauetan dauden baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ezagutzera ematea da helburua, hartarako bisita gidatuak antolatuz.

  Ezkutuko altxorrak egitaraua denboran luzatuko da aurten, martxoaren 9an hasi eta abenduaren 8ra arte, hain zuzen. Bederatzi hilabetetan, hainbat  zapatu eta domeketan, aurrez zehaztutako bisitak egin ahal izango dira. Elizak, kaperak, burdinolak, baserriak, errotak eta abar bisitatu ahal izango dira.

  Oñatin Kakao zaporeak ignaziotar lurraldean eta Frantzisko Borjakoa Oñatin izeneko bisitak egin ahal izango dira larunbatean, lehena 12:00tan eta bigarrena 17:00tan. Egun berean gainera, Urretxun XIX. mendeko emakumea Angelaren begietatik bisita egingo da 11:00tan hasita. Aurrerago ere izango da Ezkutuko altxorrak programazio honen baitan Oñatiko aberastasun kultural-historikoa ezagutzeko beste aukerarik, uztailaren 13rako eta abenduaren 6rako beste bina bisita finkatu direlako.

  Ezkutuko altxorrak turismo eskaintzan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Hemen Debagoienean Mankomunitateko turismo departamentura deituta egin daiteke: 943.796364 telefono zenbakian, edota Oñatin diren bisitetarako Turismo bulegoan ere bai.

Iturria: Oñati Irratia