Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko prozedurak aurrera darrai.

2014/05/16
Card image cap
Adituen batzordea izendatu da eta proiektu teknikoen gutunazalak, datorren asteartean irekiko dira.

  Bertan behera utzi zen aurreko prozesuan baino haratago iritsi da jada Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko egin den bigarren deialdi hau. Aurrekoa, aurkeztu ziren enpresen dokumentazioa egiaztatzeko lehen puntuan eten zen, kontratazio mahaiak eskatutako agiri guztiak ez baitzituzten aurkeztu. Oraingoan, dena den, ez da halakorik gertatu.

  Bigarren deialdi honetara aurkeztu diren bi enpresen dokumentazio plikak irekita, azaldutako gaitasuna eta solbentzia aztertu eta ontzat eman du Kontratazio Mahaiak. Era berean, hurrengo pausoa enpresa bakoitzak osatu duen proiektu teknikoen plikak ireki eta hauen balorazioa egitea izango denez, adituen batzordea izendatu da. 3 kidek osatuko dute: Ikerne Altube, Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziako administrariak, Xabier Eleizegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo teknikariak eta David Zapirain, Bergarako turismo teknikariak. Hauen ardura izango da, Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala egiteko prozesura aurkeztu diren bi enpresen proiektu tekniko eta kudeaketa memoria aztertu eta baloratzea, beti ere, aurrez zehaztuta dauden baliospen irizpideen arabera.

  Proiektu tekniko horiek asteartean ezagutuko dira, orduan, arratsaldeko 13:00tan irekiko baitira hauek dituzten B kartazal edo sobreak.

  Gogoratu, Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak, turismo bulegoa eta bertan dagoen San Migel Errota eta Arrikrutzeko kobak kudeatuko dituen enpresa kontratatzeko prozesua dela aipatzen ari garena. Hasiera batetan, herriko zerbitzu turistikoen kudeaketa kontratua bi urtetarako egingo litzateke baina beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!