Oñatiko XI. erakusleiho lehiaketan parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali zaizkie herriko dendariei

2018/11/16
Sari gutxiago eta txikiagoak banatuko dira aurten

  Horixe da Gabonen bueltan herrian antolatzen den eskaparate lehiaketak aurten duen berrikuntza, sariak gutxitu eta apaldu direla. Iaz 7 sari eta guztira 4500 euro banatu ziren baina aurten lau sari eta 1500 euro banatuko dira. Horiei, herritarren sarirako bozka ematen dutenen artean zozketatuko diren 200 euroak batu behar zaizkie.

  Atzoko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ziren XI. erakusleiho lehiaketari dagozkion oinarriak eta dendarientzako gonbidapen gutunak postetxera gaur eraman dira. Bertan, parte hartzeko baldintzak jakinarazten zaizkie merkatariei.

  Parte hartu nahi duten dendariek azaroaren 30era arteko epea dute izena emateko. Gutunez bidali zaien orria bate eta udaletxean edo Sozioekonomia departamentuko bulegoetan utzita edo gutunean dagoen QR kodea eskaneatu eta horren bidezko izen-emate orria beteta. Behin izena emanda, erakusleihoak abenduaren 6rako apainduta, muntatuta egon beharko du, eta halaxe mantendu beharko da, gutxienez, abenduaren 31ra arte. Erakusleihoan, noski, denda edo zerbitzuaren ohiko produktuak jarri beharko dira.

  Erakusleihoen balorazioa egiterakoan, konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna bereziki kontutan hartuko ditu epai-mahaiak. Aditu talde horrek hiru sari banatuko ditu, 500, 300 eta 200 €koak, hurrenez hurren. Herritarren saria ere izango da, lehen aipatu bezala, eta oñatiarren boto gehien biltzen dituen dendak 500 € eskuratuko ditu. Sari banaketa ekitaldia berriz, abenduaren 22an, 13:30ean egingo da udaletxeko pleno aretoan. Baina puntu horretara iritsi aurretik, dendariek erakusleihoak apaindu behar dituzte, eta aurrez, parte hartzeko izena eman. Gogoratu, izen-emate hori azaroaren 30ean amaituko dela.

Iturria: Oñati Irratia