Oñatiko Udalak Urrezko Bikain egiaztagiria lortu du

2015/12/02
Card image cap
Talde ebaluatzaileak, udal langileen hizkuntza gaitasun handia eta prestutasun eta inplikazioa azpimarratu ditu

  0tik 1000ra doan eskalan 800-849 arteko puntuazioa eskuratu du Udalak, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagirietarako kanpo ebaluazioan. Horrek esanahi du ikur gorenena, Urrezko Bikain egiaztagiria lortu duela. 

  Ebaluazio prozesu osoan eskuratutako informazioa oinarri hartuta, talde ebaluatzaileak hiru indargune garrantzitsu aitortu dizkio Udalari: langile guztiek duten hizkuntza gaitasun altua, euskararen erabileraren normalizazioan langileek erakusten duten prestutasun eta inplikazioa eta eguneroko jardunean hizkuntza irizpideak oso errotuta daudela. Horren arrazoia, euskararen normalkuntzarako bidean aspaldi hasi zela Oñatiko Udala. 1987an jada Euskararen Erabilpena Nomaltzeko Udal Arautegia onartu zen eta 2012 eta 2013an berriz, Erabilera Plana eta Hizkuntza Irizpideak, hurrenez hurren. Ondorioz, euskararen presentzia eta erabilera areagotu egin da bereziki azken urteetan Udaleko lan esparru guztietan.

  Baina badira hobetu daitezkeen alderdiak, nagusiki, Udalak kanpotik jasotzen dituen zerbitzu eta kontratuetan. Hala, administrazio kontratazioetan euskara lehenesten duten irizpideak dauden arren, hauen betetze maila neurtzea aholkatzen da eta beharrezkoa balitz neurri zuzentzaileak inplementatzea; prestakuntza arloan ere, udal langileen formazio-saioetarako formatzaile euskaldunak bilatzea komeniko litzatekeela azpimarratzen da eta hirugarrenik, langileei euskaraz lan egitea errazteko baliabide gehiago eskura jartzea, bai baliabide informatiko nahiz hizkuntzaren beraren gaineko prestakuntzakoak: testuak eta abar.

  Talde ebaluatzaileak, 18 aldagai neurtu ditu lau ardatz nagusitan biltduta: komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa. Guztietan, orokorrean, % 70etik gorako nota jaso du Udalak.

  Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagirien banaketa Gasteizen egingo da aurten; Europa Jauregian izango da abenduaren 21ean.

  Bikain ziurtagiriak ez dira berriak gure inguruan; ETEO kooperatibak 2009an, eta Elkar Hezi Ikastetxeak 2012an lortu zuten goren mailako Bikain ziurtagiria. ULMA kooperatibak ere iaztik du zilarrezko Bikain ziurtagiria. Eta Udalei dagokienean, Arrasatekoak 2011an eskuratu zuen Urrezko Bikain agiria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!