Oñatiko udalak ez dio inolako zilegitasunik onartzen Espainiako Koroari.

2014/06/30
Euskal Herritarrok erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatuz, benetako haustura demokratiko baten aldeko aldarrikapena egiten da azken Osoko Bilkuran aho batez onartutako mozioan.

  Euzko Alderdi Jeltzaleak, Bilduko udal taldeak Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren aurrean izenburupean aurkeztu zuen mozioa bere horretan babestu zuen. Bi puntuko adierazpena aho batez onartu zen.

  Lehen puntuan, titularrean aurreratu bezala, Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren aurrean, Oñatiko udalak benetako haustura demokratikoaren aldeko aldarrikapena egiten du eta Euskal herritarrok, gure herriaren etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea ere aldarrikatzen du. Era berean, jarraitzen du idatziak, herri honek ez dio inolako zilegitasunik onartzen Espainiako Koroaren inongo ordezkariri.

  Bigarren puntuan, bizi dugun egoera politikoaren aurrean, gure herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea eskuratzeko helburuarekin lan egiteko deialdia luzatzen die Oñatiko udalbatzak Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu, eragile eta herritarrei.

  Aipatu bi puntuen aurretik, mozioak historia errepaso laburra egiten du eta Juan Carlos Borboikoa errege, militar kolpea eman zuten frankistek izendatu zutela eta ondorioz, bere figurak diktadura frankistarekiko haustura demokratiko eza ordezkatzen duela dio idatziak.

  Mozioa, udalbatza osatzen duten bi alderdien babesaz, aho batez onartu zen, lehen esan bezala.

  Eta hala onartu ziren azken Osoko Bilkuran aurkeztu ziren gai guztiak. Oñatiko Garapen eta turismo ajentziaren kapital zabalkundean parte hartzea eta bi udal langilek, barne promozioz, administrari lanpostuak betetzea onartu zen. Era berean, Olaburun hainbat udal lokal alokatzea edota abenduan kontratua beteta etxe sozial bat berriro alokatzeko prozesua hastea onartu zen.

  Gai zerrendaz kanpo, zinegotziek jasotzen duten dirua ordaintzeko moduan aldaketak egitea proposatu zuen udaleko diru zainak. Orain arte nomina bidez egin dira ordainketa horiek baina gizarte segurantzarekin arazo batzuk sortzen zituela eta, alderdi politikoei, diru laguntza kontzeptuan ordaintzea erabaki zen. Fiskalki ez dago aldaketarik eta udalari ere, ordainketa modu honek ez dio gain kosturik eragingo.

  Arrasateko jaixetan izan den eraso sexista deitoratu eta salatzea ere onartu zuen udalbatzak eta zapatuan, ekainaren 28an, LGTB harrotasunaren nazioarteko eguna izango zela eta egun horretako aldarrikapen eta ospakizunekin bat egitea onartu zen. Azkenik, alkateak, Maider Arregi zoriontzea proposatu zuen eta hori ere onartu zen. Arregik, euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketa irabazi berri du.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!