Oñatiko udalak Aizkorri-Aratz parke naturalean fracking-a debekatzeko proposamena egin dio Eusko Jaurlaritzari

2015/03/04
Card image cap
Zuia eta Zeberioko Udalek ere beste horrenbeste eskatu dute Gorbeiarako

  Gorbeia eta Aitzgorri-Aratz parke naturaletan Fracking-a debekatzeko proposamena egin du EH Bilduk. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren esku dago Natur Parkeen Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailea aldatzea, fracking-a edo haustura hidrauliko gisa ezagutzen diren hidrokarburoak ustiatzeko teknikak debekatu eta inoiz erabili ez daitezen. Prozedura hori ahalik eta azkarren martxan jar dezan eskatu diote Lakuako Gobernuari Oñati,  Zuia eta Zeberiako Udalek.

  Fracking-aren kontrako jarrera zabalduz doa eta horren adibide da, hainbat plataformek bultzatutako Herri Ekimen Legegileak lortu duen babes handia, 103.000 sinadura baino gehiago bildu baitituzte.

  Nerea Zubia Oñatiko udal ordezkariak eta Zuia eta Zeberiokoak egin zuten prentsa agerraldian gogoratu zuten, fracking-aren mehatxua ez dela gelditu. Espainiar Gobernuak bultzada berria eman dio teknika honi eta Eusko Jaurlaritzak emandako zundaketarako baimenek indarrean jarraitzen dute. Adibide gisa, Burgosen, Arabako mugan, Valderejo Parke Naturaletik gertu, hainbat putzu zundatzeko baimena eman dela aipatu zuten.

  EAJ Herri Ekimen Legegilearen eztabaida oztopatzen ari dela ere salatu zuten.  Udal hauteskundeak pasa bitartean fracking-aren gaineko eztabaida isilarazi nahi dutela leporatu diete jeltzaleei. Gaiak premia duela eta neurriak ahalik eta azkarren hartu behar direla berretsi zuten EH Bilduko ordezkariek. Zentzu horretan, fracking-ak sortu ditzakeen ondorioak inoiz ez pairatzeko konpromisoa hartu dutela eta udal gisa euren esku dagoena egingo dutela adierazi zuten Oñati, Zuia eta Zeberioko EH Bilduko ordezkariek.

 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!